Bizikletaz ibiltzeko eta bide heziketa tailerrak eginen dira Lesakan egunotan

Aitor AROTZENA 2009ko ekainaren 10a

Lehendik ere bizikletaz ibiltzeko kontzientziazio kanpainak egin dira Lesakan. Argazkian, 2007an Batzokik antolatutako Bizikleta Eguna. TTIPI TTAPA

Asteazkenean tailerra antolatu du Udalak eta Irain Guraso Elkarteak, zirkuitoak antolatu ditu ortziralean

Hurrengo egunetan bizikletaz ibiltzeko eta bide heziketaren inguruko tailerrak burutuko dira Lesakan, Added-Value-Intelligent Energy Europe proiektuaren barrenean. Lehenik, ekainaren 9an, astearte arratsaldeko 18:00etan proiektuaren aurkezpena egin zen Lesakako udalak Antoiu 27ko bigarren solairuan duen aretoan eta asteazkenean, ekainaren 10ean, eginen dira tailerrak 16:30ean.

Segurtasuna helburu

Tailer hauen helburua haur eta gaztetxoei gure herrian bizikletan behar bezala ibiltzen eta hartu beharreko segurtasun neurriak zein diren erakustea da. Oinarrizko irizpide eta jarrera sinple batzuen bitartez, haur eta gaztetxoek bizikletaz ibiltzen direnean aurkitzen ahal dituzten arrisku eta betebeharrak ezagutuko dituzte. Aurkezpena egin eta helburuak azaldu ondotik, hitzaldia eta ikus-entzunezko aurkezpena eginen dute. Bideo baten bitartez segurtasunean hobetzeko neurriak azalduko dira eta honekin batera arrisku egoera ohikoenak zein diren eta nola ekiditu behar diren azalduko da.

Segurtasun pasikoa eta aktiboa

Segurtasun pasiboaren arloan, bizikletaren egoera, iluminazioa eta arropa, kaskoa eta gisako ezaugarriak landuko dituzte eta segurtasun aktiboaren arloan, bidegurutzeak, semaforoak, aparkatutako ibilgailuak, garajeetako irteerak edo oinezkoekiko jarrera, bertzeak bertze. Indarrean dagoen araudia ezagutu ondotik, herri barnean segurtasunez ibiltzeko ezagupena eginen da, Lesakatik ibilaldia eginez, ibilbide zirkularra osatuz eta arrisku egoerak atzeman eta identifikatuz. Bukatzeko bakarkako azalpena eginen da. Aipatu tailer honen iraupena ordu terdikoa izanen da eta gehienez 50 pertsonako taldeak hartuko dira. CRANAk utzitako txaloak banatuko dira partaideen artean.

Irain Guraso Elkarteak zirkuitoak ortziralean

Bide Hezkuntzaren inguruan Udalak antolatu dituen tailer hauetaz gain, Irain eskolan ere, ikasturtean teorikoki ikasitakoari ekainaren 12an, ortziral goizeko 10:30etik13:00etara adibide praktikoa jarriko diote, Mapfreren eta Semper autoeskolaren laguntzaz jarritako zirkuituekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun