Bortzirietako 112 entitatek euskararen aldeko hautua egin dute bosgarren urtez

TTIPI TTAPA 2009ko eka. 8a, 14:35

Larunbat arratsaldean banatu ziren ziurtagiriak Berako Kultur Etxean

112 enpresa, saltoki eta era guztietako entitatek eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria Bortzirietan, Berako Kultur Etxean larunbat arratsaldean egin zen Ziurtagiriaren bosgarren banaketa ekitaldian. Horietatik 18k “Zerbitzua eta lana euskaraz” maila lortu dute; 49k “Zerbitzua euskaraz” maila; eta 45k “Bidean” maila.

«Urteak lanean»

Bortzirietan urte batzuk badaramatzate bertako herrietan euskararen erabilera bultzatzen: “112 Ziurtagiri banatu ditugu eta kopurua garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da horren atzetik dagoen lana: urtez urte ematen dituzuen urratsak, lortzen dituzuen helburuak eta zuen konpromisoaren bitartez egunerokoan eragiten duzuena”, adierazi zuen Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak gaur Beran egin den Ziurtagiriaren banaketa ekitaldian. Eta Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duten entitateak egiten ari diren aldaketak zerrendatu zituen segidan: euskara ikasi, errotuluak euskaratu, webguneetan euskara erabili, bezeroak euskaraz hartu, komunikazio publikoetan euskaraz hitz egin, euskaraz dauden programa informatikoak erabili, hornitzaileei euskaraz lan egiteko eskatu, produktuen etiketak euskaratu... Eta bukatzeko eskerrak eman zizkien Bortzirietako Euskara mankomunitateari, bertako eragile sozialei eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren aldeko apustua egin duten enpresa, komertzio eta era guztietako entitateei.

«Guzien arteko lana»

Euskara Mankomunitateko lehendakari orde Ramontxo Elgorriagak ere ekitaldian parte hartu zuen, eta berak ere euskararen normalizazioaren bidean urratsak ematen segitzeko beharra azpimarratu zuen. Bertzetik, Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duten entitateak zoriondu zituen eta Bortzirietako euskalgintzak Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektua babesten nahiz bertan parte hartzen segituko duela ziurtatu zuen, euskararen normalizaziorako bidea gizarteko eragile guztiek batera egin behar baitute: “Bakoitzak bere alorrean eta dagokion erantzukizunarekin eman behar ditu urratsak gure hizkuntza berreskuratzeko eta sustatzeko. Eta guztiok erraten dudanean, norbanakoez, entitateez, euskararen alorrean lan egiten dugunoz, (euskalgintzaz alegia), eta nola ez, administrazio publikoaz ari naiz”.

Nafarroa osoan guztira 365 enpresa ari dira Bai Euskarari Ziurtagiriarekin lanean, beraz, kasik hirutik bat Bortzirietakoa dela erraten ahal da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun