Abenduaren 31 arte erregulazioan egonen dira Condesako langile guztiak

ttipi-ttapa 2009ko ekainaren 5a

Condesak Zalainen duen tutu lantegia. TTIPI TTAPA

Langileei aitzineko astean jakinarazten zaie hurrengo astean lanera joan behar duten ala ez

Maiatzaren 25az geroztik Condesako 310 lagileak erregulazioan daude, eta hala egonen dira urtea bukatu arte, abenduaren 31 arte. Ez da hasiera batean zuzendaritzak nahi zuen EREa, baina bai langileen artean kezka eragiteko nahikoa. Hasieran, enpresak langile guztiei diferente eraginen liekeen EREa aurkeztu zuen Nafarroa­ko Gobernuko Lan sailean, 2010eko abenduaren 31 arte iraunen lukeena: 25 langileri 19 hilabete erdirako eten nahi izan zien kontratua; 80ri 14 hilabeterako eta 205 laguni 10 hilabeterako. Baina Lan Sailak ez zuen onartu zuzendaritzaren asmo hori. Horren ordez, maiatzaren 25etik urte honetako abenduaren 31 bitarte langileak erregulazioan uzteko baimena onartu zion. Baina hori ere ez da begi onez hartu. Langileen arteko berdintasuna izan da sindikatuek eskatu duten baldintzetako bat, baina ez dute lortu eta batzuek denbora luzeagoan egon beharko dute etxean. «Gehienez ere zazpi hilabetez egonen dira langabezian, batzuk bi hilabetez, bertzeak lau hilabetez...», azaldu digu Jose Luis Bakedano ELAko ordezkariak. Bide beretik, langileen arteko «bereizketak» sala­tu ditu LABeko Julen Mitxeltorenak: «enpresak bere irizpideen arabera egiten du dena, asmoak langileekin konpartitu eta kontrastatu gabe». Langileen artean ezinegona eta nahasmena da nagusi. Hurrengo astean lanera joan behar duten ala ez, eta lana izatekotan, zein turno tokatuko zaien aitzineko astean jakinarazten zaie, fabrikan paratzen diren zerrenden bitartez.Gainera, langabezian egonda, ez dute osagarririk kobratuko. Ezkor mintzatu dira sindikatuak. «Zuzendaritzak hasieran nahi zuena baino hobea da, baina Gobernuak arrazoiak onartu dizkie eta erregulazio honen ondotik, arrazoi horiekin bertze bat onartzeko arriskua dago», aipatu digu Bakeda­nok. «Gerora gogorra­goa etorriko dela erraten ari dira», gaineratu du. Balorazioa, beraz, «txarra». Mitxeltorenak enpresaren «gehiegikeriak» kritikatu ditu. Eta galdera bat luzatu du: «hau pasatu eta zer?». Horixe da, azken batean, kezka eragin duena. «310 langile daude orain, baina enpresak 170ekin funtzionatu nahi du eta hori mehatxu bihurtu da. Mehatxu horrek badu eguna: 2009ko abenduaren 31». Hortik aitzinera, kontratuak bertan behera uzteko arriskua ikusten du LABek. UGTko Patxi Altxuk ere Zalaingo lantegiaren etorkizuna «beltza» dela nabarmendu du, «tristea». Bere hitzetan, «Lesakan eta Legasan egin den bezala, bideragarritasun planik aurkezten ez bada, abendu ondotik, edozer gauza gerta daiteke. Deskuidatuz gero, kaleratzeak ere bai». Hala dio Altxuk. Guztiaren gibelean dagoena ez dela krisia bakarrik iritzi dio ELAk: «aitzinetik egin zutena dago». 2004an Condesak fabrika erosi zuenean, Zalainen egiten ziren tutu batzuen produkzioa taldeko bertze lantegietara eraman zen, Gasteizera, Iruñera... Zalainen autoentzako tutuak bakarrik egitea erabaki zen. «Agindutako maki­nak segituan kendu zituz­ten, baina paratu beharreko guztiak ez dituz­te pa­ratu. Eta orain diote ez direla behar. Baina hori ez da gure errua», dio Bakedanok. «Orain gauzak gaizki doa­zean, dirua bideratu behar denean, Zalainek berak bakarrik atera behar duela aitzinera dio. Ez da hori kontua, taldean hartu diren erabakiak ikusi behar dira». Egoera zein den ikusita, ez dute geldirik egoteko asmorik. Hori baieztatu digu LABek, eta zuzen eta tinko beteko duen bideragarritasun plana exijitu dio zuzendaritzari. Langileei, berriz, batasunerako deia egin die, Mitxeltorenaren hitzetan, «etsaia ez delako ondokoa, enpresa baizik».

«Enpresak 170 langilerekin funtzionatu nahi du eta hori meha­txu bihurtu da»
LAB sindikatua

«Gobernuak arra­zoiak onartu ditu eta honen ondotik bertze bat onar­tze­­ko arriskua dago»
ELA sindikatua

«Bideragarritasun planik aurkezten ez bada, abendu ondotik edozer gerta daiteke»
UGT sindikatua

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun