Lesakako Zerbitzuen Elkarteak Sanferminetan lau lagunendako afaria zozketatuko du ekainean erosketak egiten dituzten bezeroen artean. Zozketan sartzeko boletoak, elkarteko edozein zerbitzuetan egindako erosketarekin banatuko dira. Antziñera begira, Abendu aldera, berriz, bidai baten zozketa ere egiteko asmoa dute. Zuzendaritza Batzordetik jakinarazi dutenez, “bertze aldetik guk lanean segituko dugu, gure herriko merkataritza eta orokorrean eskeintzen ditugun zerbitzu guztiak hobetzeko”.
33 bazkide
Lesakako Zerbitzuen Elkartea 2006an sortu zen eta gaur egun 33 bazkide dira. Bi urteko ibilbidearen ondotik, urte hasieran zuzendaritza batzordea berria osatu zuten eta sei emakumek osatzen dute gaur egun: Maider Susperregi (Barcelo Bidaiak), Sandra Legasa (Oreka Nutrizioa eta Dietetika), Jasone Telletxea (Telletxea Argazkiak), Naiara Alberro (Intzuri Optika), Mª Jose Capdequi (Ordoki Altzariak) eta Edurne Portu (Goizalde Janaridenda).
Bi urteren balantze baikorra
Denbora honetan zenbait ekimen egin dituzte eta, orokorrean, balantzea baikorra egin dute: “Aurreko urteetan hainbat ekintza egin ziren, errate baterako berrerabiltzeko poltsak, egutegiak, eskaparateen lehiaketa… Aurten berriz, dagoeneko bi ekimen burutu ditugu: Abenduan Olentzero eta Jaiotzen lehiaketan sari berezi bat eskeini genuen eta martxoan “Udaberriko feria” lelopean Lesakako udal pilotalekuan hainbat zerbitzu elkartu giñen gure produktuak erosteko aukera emanez. Honen inguruan aipatzekoa da hagitz balantze positiboa egiten dugula eta feriara bertaratu ziren guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu hemendik. Horrelako erantzuna ikusita, gogoz bete gara eta aurrerantzean ere ekitaldi gehiago egiteko ilusioarekin jarraituko dugu”. Aipatutako ekitaldi hauetaz gain, eskaintzen duten zerbitzua hobetzeko asmoarekin, etengabeko formazio kurtsoak egiten dituzte (paketeria, informatika…).
“Bertako jendeak bertan eros dezala”
Krisi garaian Lesakako komertzioari ikusten dizkioten premiei buruz galdetzerakoan garbi dute erantzuna: “Beharrik handiena, krisi garaian eta bertzela ere, bertako jendea herrian bertan gelditzea da. Lesakarren eta ingurukoen beharrak asetzeko haina zerbitzu eskaintzen dira Lesakan eta gure aldetik al dugun guzia eginen dugu konfiantzazko eta kalitatezko zerbitzua eskeintzeko”.