Udaleku irekiak antolatu dituzte Euskara Mankomunitateak eta Dindaia Fundazioak

ttipi-ttapa 2009ko mai. 28a, 15:49
Ongi pasatzeko aukera ezin hobea dira udaleku irekiak neska-mutikoentzat. TTIPI TTAPA

Izena emateko epea ekainaren 5ean bukatuko da

Ikasturtea bukatu eta uda ailegatzearekin batera udaleku irekietan parte hartzeko aukera izanen dute neska-mutikoek Arantzan, Beran, Etxalarren, Igantzin eta Lesakan. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Didaia Fundazioak antolatu dute eta uztailean eta abuztuan izanen dira. 3 urtetatik 8 urtetara eta 8 urtetatik 12 urtetara, bi multzotan banatuko dira gaztetxoak. Ttikienek txangoak, eskulanak, jolasak eta antzerkiak eginen dituzte eta zaharrenek sormena eta gorputz tailerrak. Arantzan, Beran, Etxalarren eta Igantzin uztailaren 6tik 31ra eginen dira eta Lesakan uztailaren 13tik abuztuaren 7ra. Astelehenetik ortziralera 10:00etatik 13:00etara izanen dira saioak. Ume bakoitzeko prezioa 65 eurokoa izanen da eta bi anai-arrebena 110 euro ordaindu beharko da. Hiru senide apuntatzen baldin badira, berriz, 135 euro.

Izen ematea

Interesatua dagoenak ekainaren 5a baino lehen eman beharko du izena, Dindaia Fundaziora deituta (948 277620) edo e-postaz (info@dindaia.com). Izen ematean honako datuok utzi beharko dira: haurraren izen-abizenak, jaiotze data, ikastetxea, herria eta etxeko hizkuntza, harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa (izatekotan). Izena eman ondotik eginen da ordainketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun