Ternida Egunerako ibilaldia antolatu du Ekaitza Elkarteak

Utzitako argazkiak 2009ko mai. 28a, 15:39
TTIPI TTAPA

Herritik abiatuta, Bagatxar eta Ekaitzan barna eginen da Mendaurrerako bidea

Ekainaren 7a, igandea, Ternida Eguna da eta erran beharrik ez dago, herritik bertara oinez joateko ohitura haundia dagoela. Ekaitza Elkarteak ia urtero Senberroko bordan bazkaria antolatzen du. Aurten, halere, zerbait ezberdina egiteko intentzioarekin, Mendaurrera ibilaldia egiteko bertze bide bat hartzea erabaki du. Oinezko ibilaldia herritik 8:00etan abiatuko da. Bagatxerrera joan eta Ekaitzatik barna, Mendaurrera ailegatuko da. Mendaurtik Senberroko bordara jautsi eta bertan jatekoa emanen da. Eguraldi txarra egiten badu, berriz, elkartean eginen da.

Goizuetara ateraldia giro ederrean

Bertze mendi ibilaldi bat ere ezin aipatu gabe utzi. Joan den maiatzaren 16an 40 lagunek egun ederra pasatu zuten Goizuetan. Arantzako Mendi Itzulia izaten ez den urtean, bi urtetik behin, alegia, Goizuetara ibilaldia egiteko ohitura abiatu zuen Ekaitza Elkarteak duela urte batzuk. Aurtengoan 37 lagun oinez joan ziren Goizuetara, eguraldia lagun. Bertzalde, bi autotan arropa eta gainerako motxilekin bizpahiru lagun joan ziren. Goizean 8:00ak pasatxotan abiatu eta 12:30ak alderako Goizuetan zeuden. Han gustura frexkatu eta triki poteoa egin zuten herrian barna, bazkaldu bitartean. Umore Ona Elkartean bapo bazkalduta, 19:30ean, etxerako autobusa hartu zuten. Egun polita pasa tu zutela erran digute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun