Toki Ona-Bortziriak mutilen saskibaloi taldeak Nafarroko Erregionalen lehenbiziko mailara igotzea lortu du. Hiru urtez lehiaketetan parte hartu gabe egon ondotik, denboraldi honetan berriz hasi ziren, erregionalen bigarren mailan. Baina maila bikaina eman eta partida gehienak irabazi zituzten, liga bukatzeko partidak falta zirenean, igoera ziurtatuz. Talde honetan 14 jokalari dabiltza eta horietako gehienak Bortzirietakoak dira –hiru Irungoak–. Duela 10 urte Toki Ona Institutuko Guraso Elkarteak sortu zuen taldea, Toki Ona-Bortziriak Kirol-Kluba, hain zuzen. Maila diferentetan saskibaloiko bertze bortz talde ere ari dira, 63 jokalari guztira. Gainera, aurreinfantilen mailan lehenbizikoak izan dira sailkapenean. Bertzalde, denboraldia Gipuzkoako Erregionaleko bigarren mailan egin duen Gure Txokoa futbol taldeak ere lan bikaina egin du eta horrek bere saria ekarri du: hurrengo denboraldian lehenbiziko mailan ariko da.