Euskara Batzordeak egindako proposamena kontuan hartuz, Udalak Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) sartzeko pausuak emanen ditu. Halaxe erabaki zuen udalbatzarrak apirilaren 23an, Josu Iratzoki alkatearen eta bere taldeko bertze hiru zinegotzien eta Aralarko bi zinegotzien aldeko botoekin. EA eta PNVko zinegotziak abstenitu egin ziren.
EAko Helena Santestebanek aipatu zuenez, «euskara arloan dagoen dirua optimizatu egin behar da, lehentasunak ikusi, ea Mankomunitateak jarduera horiek egiten dituen edo osagarria den ikusi». Ideia ongi iruditu zitzaion EAri, baina «mankomunitatetik eta euskararen aurrekontua igo gabe» egin beharko litzatekeela aipatu zuen, «bertze arloetan murrizten ari da eta». Horregatik, Euskara Mankomunitatea eta UEMA nola osatu behar diren ikusi eta «agian, datorren urterako uztea» eskatu zuen.
Aralarko Jon Abrilen ustez, UEMAn sartzea «Euskara Mankomunitatearen hutsuneak betetzeko da, Udalaren funtzionamenduan sartuko dira eta bata eta bertzea indartuko dira». Abrilen ustez, inbertsio afera da eta «euskaran ez da inoiz ere inbertitu, egin dena udal langileen borondatearengatik izan da».
EAE-ANVko Ramon Elgorriaga zinegotziak ere Mankomunitateak bere alorra eta UEMAk berea dituela azaldu zuen eta Iratzoki alkatearen ustez, «UEMAn sartzea euskararekiko motibazio bat da». Gainera, UEMAren plana zein den badakitela eta heldu den urterako uztea ez zaio egoki iruditzen, «dokumentazio bera izanen baitute orain edo gero».
PNVko Santiago Alzugurenentzat «diru arazoa» da dena, «denetan gastua mozten ari da eta honetan ez». Bera ez Euskara Mankomunitatean ezta Euskara Batzordean ez dagoela onartu ondotik, datorren urterako gastua begiratu beharko dela adierazi zuen, «sobera kargatu gabe eta UEMAk eta Mankomunitateak zer egiten duten ikusiz».