Plisti plasta, halaxe juan zitzaigun Gazte Eguna Lesakan bai, ur artean. Hala ere, eguraldia ez zen oztopo izan, ez. Izan ere, egun honetan, elkartu ginen gazte kuadrila eder bat.
Lesakarrak eta egun batez lesakarrak bihurtu ziren gazteak ere. Hegoalde zein Iparraldekoak, denak bat eginez. Parekidetasunean, naturaltasunez, euskal giro jatorrean; Euskal Herria bat izan zen, berriz ere erakutsiz herri bakarra garela eta gure herrian mugarik existitzen ez dela.
Goiz goizetik hitzaldia izan genuen, bertsoak… bazkarira 90 lagun inguru bildu ginelarik.
Aipatu bezala, eguraldi kaxkarra egin arren, hantxe ibili ginen. Baina oraingo honetan ere kale gorrian. Bertze batzuetan aipatu bezala, bertze talde eta eragileek beraien xokoa dute gauzak antolatzeko, baina gazteok ez. Beraz gure galdera da, gazteok noizko? Gazteok gaztetxea behar dugu.
Horren alde aritu ginen larunbatean, gogotsu, indartsu, langile eta elkar-harremanetan. Nahiz eta handik edo hemendik arazotxoren bat sortu, honi buelta eman eta aurrera jarraituz.
Dena den, egun hau ez zen posible izanen laguntzen ibili ziren lagun guztiengatik ez balitz. Hori dela eta, bertatik gure eskerrik beroena luzatu nahi diegu, Arantza eta Malerrekako gazte asanbladei, eskualdeko bertsolariei, kantu zaharretan ibili zirenei, Nafarroa bizirik ekimenean dabiltzatenei, Arranoko sukaldari eta elkarteari, Lesakako ostatuei, Udalak kudeatzen duen herritarron dirulaguntzari, inguruko musikarieri txaranga osatzeagatik, Baztango edari partitzaile tukutuku horiei (beti sasoitsu!)… barkatu norbait ahaztu bazaigu, baina orokorrean lagundu zuten guztiei eskerrak.
Zuek, lagundu zenutenak zein parte hartu zenutenak egin baitzenuten egun hau posible. Egun batez Lesaka gurea izan baitzen, egunen batean Euskal Herria izanen den bezala. Beraz, hala jarraitzera animatzen zaituztegu.
Animo! Zuek bai! Mila esker hurbildu zineten guztiei! Eta besarkada bat bertan ez zaudetenei!
Gurea gurera ekarri arte bertan jarraituko dugulako lanean!
Lesakako Gazte Asanblada