Stanley Jordan jazz guitarra jotzaile bikainak kontzertua eskainiko du ortziral arratsean Berako Kultur Etxean

ttipi-ttapa 2009ko maiatzaren 26a

Stanley Jordan estatubatuarrak, gitarra jotzeko modu bereziagatik da ezagun. TTIPI TTAPA

Ttipi-ttapara deitzen dutenen artean hiru lagunendako bina sarrera zozketatuko dira

Gaur eguneko jazz gitarra-jotzaile onenetako batek, hiru alditan Grammy saria irabazteko izendatua egon den Stanley Jordan estatu batuarrak kontzertua emanen du maiatzaren 29an, ortziral arratseko 22:00etan Berako Kultur Etxean. Sarrerak Errekalde ostatuan aitzinetik salgai daude, 10 euroan eta egunean berean 12 euro ordaindu beharko dira. Berako Kultur Batzordeak antolatu du kontzertua, Berako Udalaren laguntzarekin.

Grammyrako izendatua 2008an

1959ko uztailaren 31n sortua, Stanley Jordan 1980ko hamarkadan egin zen ospetsu gitarra jotzeko bere era bereziarengatik. Bere azken diskoa aurkeztera etorriko da. 2008an Jazz Grammyan izendatua State of nature lanarengatik. Ikuskizun aparta eskainiko du non jazza, bluesa, eta musika klasikoa uztartuko dituen. Konposizio propioak eta klasiko batzuekiko duen ikuspuntua.... State of Nature gizadi eta mundu naturalaren arteko erlazioaren hausnarketa da. Musikaren bitartez, Stanley gizaiaren oinarrizko gaiak jorratzen saiatzen da eta bilaketa horretan aurkitutako erantzun partzialak espresatzen saiatzen da.

Artista famatua AEBn

1985ean grabatu zuen bere lehen diska, “Magic Touch”, arrakasta handiarekin, Grammy sarietarako bi izendapen jaso baitzituen. Ameriketako Estatu Batuetan eta Japonian Urrezko Diska irabazi zuen. Orduko arrakastaren erakusgarri, hurrengo urtean, “Cita a ciegas” filmean agertu zen Stanley Jordan, Kim Basinger eta Bruce Willis aktoreekin batera eta geroztik, auniztan agertu da telebistako saio famatuetan.

Hiru lagunendako bina sarrera

Berako Kultur Batzordeari esker, ttipi-ttapara maiatzaren 29a, ortziral arratsaldeko 13:00ak baino lehen deitu (948 635458) edo helbide elektronikora idazten dutenen artean (ttipi-ttapa@ttipi.net), Stanley Jordanen kontzerturako hiru lagunendako bina sarrera bikoitz zozketatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun