Parlamentuko Ingurugiro Batzordeak Alkaiagako harrobia bixitatu zuen ortziralean

ttipi-ttapa 2009ko mai. 25a, 13:48
Argazkian ageri denez, harrobia urak hartzen du eta etxebizitzak bertan daude. TTIPI TTAPA

Bizilagunek bertan brea laberik ez jartzeko arrazoiak azaldu zituzten

Joan den ortziralean, maiatzaren 22an, Nafarroako Parlamentuko Ingurugiro batzordea Alkaiagan bisitan izan zen, Orsak Armasa harrobian ezarri nahi duen brea labearen inguruko jakingarriak bertatik bertara ezagutzeko. Nafarroako parlamentariekin batera, Berako eta Lesakako udal ordezkariak izan ziren, baita halako labe batentzako lekurik onena ez dela eta azalpenak eman zituzten Alkaiaga eta Agerra auzoetako bizilagunak ere.

Kutsadura eta soinu arazoak etxe atarian

Bizilagunek aipatu zutenez, labe hori etxe atarian daukate horrak sortuko dituen soinu eta kutsadura arazoekin. Lehen etxea 100 metro baino guttiagora dago, baina Alkaiaga auzo osoari, Agerra auzoari eta, hedaduraz, Berako herrigune osoari eraginen lioke. Horretaz gain, argazkian ageri denez, harrobi zuloa maiz hartzen du urak, hain zuzen lur azpiko uren gainean doalako. Gainera, sarrera eta irteerak hagitz eskasak dituela aipatu dute bizilagunek, Irun aldera, berez ez du legez ateratzeko aukerarik, lerro jarraia gurutzatu behar duelako eta Iruña aldera ere ikusmen eskasa eta abiadura hartzeko lekurik gabe. Gainera, sartzeko nahiz ateratzeko, trenbidearen gainetik, hau da, etorkizuneko Bide Berdearen gainetik pasatu beharko lukete kamioiek.

2008ko irailean aurkeztutako alegazioak erantzun gabe

Bizilagunek behin eta berriz errepikatu dute harrobia ez dagoela eremu industrialean, eraikuntzarako herrigunean baizik. Halako alegazioak joan den urteko irailean aurkeztu zituzten, baina oraindik ez dute erantzunik jaso.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun