Berrizaungo ur-hornidura sare eta depositu berriak inauguratu zituzten larunbatean

ttipi-ttapa 2009ko mai. 25a, 13:39
Ur-hornidura sarea eta depositua behar bezala inauguratzeko aurreskua dantzatu zen. TTIPI TTAPA

Amelia Salanueva Toki Administrazio departamentuko kontseilaria izan zen ekitaldian

Igantziko Berrizaun auzoko ur-hornidura sare eta ur deposito berriaren inaugurazioa egin zen larunbat eguerdian. Ekitaldian, IƱaki Goienetxe alkatearen eta udal zinegotziekin batera, Amelia Salanueva, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio departamentuko kontseilaria eta Pedro Pegenaute zuzendari nagusia izan ziren. Ur-hornidura sare berria egiteko 423.521 euroko inbertsioa egin da eta Nafarroako Gobernuak %70 eta %80 artean ordaindu du.

1,8 kilometro tubo Igantziko depositutik Berrizaungora

Berrizaunera ura eramateko 1,8 kilometro tubo sartu da Igantziko deposito berritik eta auzoko ur-hornidura sarea berritzeko 176.947 euroko inbertsioa egin da eta ur deposito berria egiteko, berriz, 246.574 euro erabili dira. Pagoceelay eraikuntza enpresak egin ditu lanak eta obren zuzendaritza Santiago Saiz de los Terreros eta Jesus Pachecok bete dute. Igantziko depositotik Berrizaungora tuboa sartzeaz gain, desagueak eta bertzelako lanak ere egin dira. Ur-banaketa sarea ere egin da, 18 ur-hartze egin dira, bakoitza bere kontadorearekin, bi sute-aho, bi ureztatze-aho, hiru zatietarako giltza eta desaguea. Berrizaungo ur deposito berriak 102 metro kubiko edukiera dauka, ormigoiarekin egina eta bi baso eta giltzen ganbara duena.

Premiazko lana

Lan hauek premiazkoak ziren, Berrizaunen ez baitzuten ur banaketa sare bateraturik eta bizilagun talde bakoitzak bere depositoa eta bere banaketa sarea zeukan eta urari ez zitzaion tratamendurik ematen. Orain Igantziko depositotik ekarriko denez, tratamentua hobetuko da eta ez da ur murrizketarik izanen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun