Politikaren judizializazioaren kontrako kontzentrazioak 150 lagun bildu zituen Lesakan

Aitor AROTZENA 2009ko mai. 18a, 17:58
«Politikaren judizializaziorik ez, konponbidea orain» pankarta kontu zuten hainbat erakunde eta elkartetako ordezkariek. TTIPI TTAPA

Herriko sei gaztek Audientzia Nazionalean deklaratu beharko dute ortzegunean

Lesakako Onin, EA eta Ezker Abertzalearen artean adostutako adierazpenarekin bat eginez “Politikaren judizializaziorik ez, konponbidea orain!” lelopean 150 bat lagun bildu ziren Plaza Zaharrean maiatzaren 15ean egindako kontzentrazio ixilean. Adierazpen eta kontzentrazio honi atxikimendua azaldu diote Lesakako, Berako, Arantzako eta Etxalarko udalek, Tantirumairu ikastolak, Otxogorrienea Guraso Elkarteak, bertso eskolak, Beti Gazteko erregionaleko futbol taldeko jokalariek, Lesakako ostatuek, Lesakako Gazte Asanbladak, Tantirumairu dantza taldeak, Lesakako txistulariek, Mairu antzerki tailerrak, LAB sindikatuak, Gure Arrano elkarteak, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Lesakako Zerbitzuen Elkarteak, Bortzirietako Gorriek, Berako Gazte Asanbladak, Berako Gaztetxeak, Berako Espidobaita elkarteak, Baztango txoznen batzordeak, Baztango Gaztetxeak, Baztango Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eta Malerrekako Gazte Asanbladak.

Sei lesakarrek ortzegunean deklaratuko dute Audientzia Nazionalean

Sanferminetako txoznen inguruan burutzen ari den ikerketa bat dela eta, Audientzia Nazionalaren irekita dauden diligentzien harira, Guardia Zibilak sei lesakar inputatu ditu, “delitua eta jasan ditzaketeen ondorioak oraindik orain argitu ez direlarik”. Aipatzekoa da sei lesakarrek ortzegun goizean deklaratu beharko dutela Madrilen, Audientzia Nazionalean.

«Herritarren eskubideak urratzen ditu»

Onin, EA eta Ezker Abertzalearen adierazpenaren arabera, “gertaera guzi hauek herritarren eskubideak urratzen dituzte eta lesakar aunitzen oraina eta etorkizuna baldintzatzen dituzte, are gehiago, larriki eragozten dute gure herriko bizikidetza eta normaltasuna”. Sinatzaileen arabera, “egoera honek gure herriak bizi duen gatazka politikoaren judizializazioan, hala nola, herri mugimenduaren kriminalizazioan du oinarri eta honek ez dio deus onik ekartzen beharrezkoa den konponbideari”. Horregatik, orain arduraz jokatzea inoz baino garrantzitsuagoa eta beharrezkoagoa dela uste dute eta alde horretatik, eragile politiko, sindikal, kultural, sozial nahiz norbanakoen eginbeharra da “gure herrira justizia eta demokrazia ekarriko dituen konponbide demokratiko baten alde egitea, herritarron eskubide zibil eta politikoak, norbanakoak nahiz kolektiboak bermatuko dituen konponbidea hain zuzen ere”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun