UEMAn sartzeko pausoak emanen ditu Berako Udalak

TTIPI TTAPA 2009ko mai. 14a, 15:34

Euskararekiko motibazioa dela uste du alkateak eta Aralarren babesa ere jaso du

Berako Euskara Batzordeak egindako proposamena kontuan hartuz, Berako Udalak Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) sartzeko pausuak emanen ditu. Halaxe erabaki zuen udal batzarrak apirilaren 23an, Josu Iratzoki alkatearen eta bere taldeko bertze hiru zinegotzien eta Aralarko bi zinegotzien aldeko botuarekin eta EA eta PNVko zinegotzien abstentzioarekin.

EA: "Lehentasunak ikusi"

EAko Helena Santestebanek aipatu zuenez, “euskara arloan dagoen dirua optimizatu egin behar da, lehentasunak ikusi, ea Mankomunitateak jarduera horiek egiten dituen edo osagarria den ikusi”. Ideia ongi iruditu zitzaion EAko bozeramaileari, baina “mankomunitatetik eta euskararen aurrekontua igo gabe” egin beharko litzatekeela uste zuen, “bertze arloetan murrizten ari da eta”. Horregatik, Euskara Mankomunitatea eta UEMA nola osatu behar diren ikusi eta “agian, datorren urterako uztea” eskatu zuen.

Aralar: "Euskaran ez da inoiz inbertitu"

Aralarko Jon Abrilen ustez, aldiz, UEMAn sartzea “Euskara Mankomunitatearen hutsuneak betetzeko da, Udalaren funtzionamenduan sartuko dira eta bata eta bertzea indartuko dira”. Abrilen ustez, inbertsio afera da eta “euskaran ez da inoiz ere inbertitu, egin dena udal langileen borondatearengatik izan da”.

Josu Iratzoki: "Euskararekiko motibazioa"

Ramon Elgorriaga zinegotziak ere Mankomunitateak bere alorra eta UEMAk berea dituela azaldu zuen eta alkatearen ustez, “UEMAn sartzea euskararekiko motibazio bat da”. Gainera, UEMAren plana zein den badakitela eta heldu den urterako uztea ez zaio egoki iruditzen, “dokumentazio bera izanen baitute orain edo gero”.

PNV: "Diru arazoa"

PNVko Santiago Alzugurenentzat “diru arazoa” zen dena, “denetan gastua mozten ari da eta honetan ez” aipatu baitzuen. Bera ez Euskara Mankomunitatean ezta Euskara Batzordean ez dagoela onartu ondotik, datorren urterako gastua begiratu beharko dela adierazi zuen, “sobera kargatu gabe eta UEMAk eta Euskara Mankomunitateak zer egiten duten ikusiz”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun