Igantziko merkatuari buruz

TTIPI TTAPA 2009ko mai. 13a, 14:20

Joan den maiatzaren 1ean merkatua antolatu genuen Igantziko Abesbatzako kideok, 20. urteurreneko ekitaldiak finantzatzeko dirua biltzeko asmoarekin. Egun hori pasatuta eta balorazioa eginda, eskerrak ematen hasteko garaia da.
Eskerrak ematen hasi eta izen aunitz erran beharko genituzke. Baina ez genuke inor aipatu gabe utzi nahi; horretaz, izenik aipatu gabe, eskerrak modu batera edo bertzera merkatu hori aitzinera ateratzen laguntza eman diguzuen guziei:
• Bereziki eskerrak igantziarrei. Eskerrak merkaturako puskak emateagatik. Aunitzek etxean bertan egindako puskak eman dizkiguzue; badakigu horiek egiteko zenbat denbora behar izaten den, eta, horretaz, bereziki eskertu nahi dizuegu zuen borondatea.
• Eskerrak gurekin batera merkatua antolatzen, prestatzen, saltzen eta lanean aritu zaretenei.
• Eta eskerrak merkatura joan eta hango gauzak erosi dituzuen igantziar nahiz kanpotar guziei.
Badakizue abendura bitartean abesbatzaren 20. urteurrena ospatzeko ekitaldiak antolatzen segituko dugula. Ekainaren 13an Lesakako Abesbatzaren kontzertua izanen dugu herrian, eta urriaren 31n Giltzarri Abesbatzarena. Abenduaren 19an, berriz, aurten herrian kontzertuak eskaini dizkiguten kanpoko lau abesbatzak gurekin elkartuko dira, eta emanaldi berezia eskainiko dizuegu. Gonbidatuak zaudete. Mila esker berriz ere.

Igantziko Abesbatza

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun