Nafarroako Bertsopaper Lehiaketako Bortzirietako sariak banatu dira

TTIPI TTAPA 2009ko mai. 13a, 12:37
Bortzirietako sarituak apirilaren 29an Beran egindako ekitaldian. TTIPI TTAPA

Nafarroa mailako sari banaketa hilaren 23an eginen da Iruñean

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Bertsozale Elkartearen laguntzaz urtero antolatutako Nafarroako Bertsopaper Lehiaketak 23. edizioa bete du aurten. Nafarroako 1.450 ikaslek hartu du parte eta horietatik 173 Bortzirietako ikasleek egindako lanak izan dira.

Herrialde mailako saridunez gain, eskualde mailako saridunak ere aukeratu dira eta apirilaren 29an Berako Kultur Etxean Bortzirietakoa egin zen. 230 ikaslek hartu zuten parte, eta ederki pasa zuten ikaskideen bertso sortekin, eta Oskar Estangaren ikuskizunarekin.

Lehen Hezkuntzako 3. eta 4 mailako Bortzirietako lehen saria Lesakako Tantirumairu ikastolako Paulo Ramosentzat izan zen; 5. eta 6. mailako Bortzirietako lehen saria Igantziko eskolako Xabat Matxikoterentzat izan zen; eta Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailako irabazlea Berako Labiaga ikastolako Ibon Txoperena izan zen.

Horrez gain, aipatu, hainbat aipamen ere banatu zirela. Eskualdetako sari-emate jaialdiak bukatu ondotik, Nafarroa mailako irabazleek Nafarroako Gobernuak antolatutako ekitaldi batean jasoko dute haien saria, maiatzaren 23an Iruñean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun