4.367.238 euroko diru sarrera eta irteerak izanen ditu aurten Udalak, apirilaren 24ko udal batzarrean Onin eta EAren aldeko botoekin eta PNVren kontrakoarekin onartutako udal aurrekontuaren arabera. Koldo Erkizia alkatearen erranetan, «krisi garaiari dagozkion aurrekontuak estuak dira eta gastuen hainbat diru sailetan murrizketak egin behar izan dira, diru-sarrera guttiago izanen baitira». Joan den urteko aurrekontua, errate baterako, 5,1 milioi eurokoa zen eta 2007koa 8.616.800 eurokoa, aurtengoaren bikoitza. Inbertsioen atala izan da gehien bat murriztu dena, 2007an 6.316.200 euroko inbertsioak egin ziren bitartean, aurten atal hori 1.951.600 eurora murriztu baita.
Koldo Erkiziak aipatu digunez, «aurten inbertsioak minimoak izanen dira kontuan hartuz kopuru horretatik 750.000 euro igerileku estalia ordaintzeko eta bertze 800.000 euro Zambra erosteko erabiliko liratekeela. Gainerakoa lan ttikiak bertzerik ez dira izanen». Zambra erosteari buruz, 2007tik aurrekontuetan sartzen den atala dela aipatu digu alkateak, «baina Alkaiagan Cedernak duen nabea saltzearekin lotua dago. Nafarroako Gobernuaren oniritzia duen egitasmo zabal bat bada Zambrarako, baina aitzinera egin baino lehen herriko kultur talde eta erakunde ezberdinei aurkeztu eta denen oniritzia nahiko genuke».
Hain zuzen, salerosketa hau da PNVren kontrako boza azaltzen duen arrazoietako bat, Juan Fermin Mitxelena zinegotziaren erranetan: «Ez zaigu Alkaiagako nabea saltzeko une egokia denik iruditzen, egoera ekonomikoa dela-eta ez baitu bere egiazko balioa hartuko. Eta saltzea lortuko balitz, Herriko Etxearen zorra murrizteko erabili beharko litzateke, eta ez inbertsioak egiteko. Kultur Etxea eta liburutegia komentuan egiteko proiektua oraindik indarrean dago eta hori defendatzen segitzen dugu».
Murrizketak
Hainbat ataletan murrizketak egin behar izan direla adierazi du Koldo Erkizia alkateak: Udaberriko Feriarik ez da eginen aurten, Sanferminetarako aurrekontua 90.000 eurotik 63.000 eurora jautsi da; musika eta kultur taldei 50.000na euroko laguntza eman zitzaien iaz eta aurten 18.781 eta 31.602 eurokoa jasoko dute, hurrenez hurren; kirol taldeei ere 37.000tik 19.000ra jautsi zaie.
PNVk ez du gaizki ikusten atal batzuetan honelako murrizketak egitea, baina bertze batzuk «euforia ekonomiko garaikoak» direla iruditzen zaio. «Arinkeria iruditzen zaigu promozio turistikora 77.300 euro bideratzea eta, aldiz, oihan aprobetxamenduetako atala 150.000 euro izatetik 0ra pasatzea». Mendi lanetarako eta egin diren plantazioak zaintzeko atala ere sobera murriztu dela uste du PNVk. «Gardelkon, natur parkea egiteko landatu ziren bertako hainbat landare eta erabat utzia dago ingurua, sutea gertatzeko arrisku handiarekin». Hainbat zatitan banatuak dauden diru-atalak bakarrean biltzea ere egokiagoa iruditzen zaio PNVri, «kontuak garbiagoak izateko».