Asteazken honetan, maiatzaren 13an, 24 orduko lan uztea eginen dute Condesa taldeko Zalain Transformados lantegiko langileek, zuzendaritzak “arrazoi ekonomikoengatik” apirilaren 20an Nafarroako Gobernuko Lan Sailean aurkeztu zuen Lan Erregulazioaren kontra. Egun berean, autobusetan joanen dira langileak Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilaritzara, bere ezadostasunaren berri ematera.
310 langileei eraginen lieke
Ez da Condesa taldeak aurkeztu duen enplegua erregulatzeko espediente bakarra, baina bai gure eskualdean, “hasi Irunetik eta Baztan bitarte” eragin haundia izan dezakeena. Zalain Transformados lantegian 310 langileri eraginen lieke eta horrek kezka eragin du langile eta sindikatuen artean. Lan Sailak maiatzaren 25a bitarteko epea dauke txostena onartu ala ez erabakitzeko. Erregulazioa maiatzaren 25ean paratu nahi du indarrean zuzendaritzak eta 2010eko abenduaren 31 arte iraunen luke. Gaur egun dituen 310 langileak sartuko lirateke EREan, baina ez litzateke berdina izanen langile guztientzat. 25 langileri 19 hilabete eta erdian eten nahi die kontratua; 80ri 14 hilabeterako eta gainerako 205 laguni 10 hilabeterako. Kontratuen etenaldia zatika eginen litzateke hurrengo urteko abendura arte eta langileek bere sakeletik ordaindu beharko lukete langabezi osoa, “lantegiak ez baitu inolako konpentsaziorik onartzen”.
«Zuzendaritzak asmo txarrez jokatu du»
Langileen Batzordean (LABeko 4; ELAko 4, UGTko 3, CCOOko 1 eta Cuadroseko bat) kezka eragin du zuzendaritzaren asmoak eta asteazkenean, maiatzaren 13an, langileek Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentura joko dute, “Zalainen bertze errekorterik egiteko tentaziorik” izan ez dezan. Langile guziek joan daitezen, egun horretarako 24 orduko lan uztea ere deitu du Langileen Batzordeak. Astelehen eguerdian emandako prentsaurrekoan eman du asmo honen berri Langileen Batzordeak, Xabier Bujanda presidentea eta Jose Luis Baquedano idazkaria hizlari zirela. Bertan aipatu dutenez, “zuzendaritzak aurkeztutako EREa engainu bat da, eta asmo txarrez jokatu dute”. 2004an Condesak lantegia hartu zuenetik, 480 langiletik 310era jautsi da eta, zuzendaritzatik jakinarazi dutenez, “oxigenoa hartzeko balio dezakeen EREaren ondotik”, oraindik 170era murrizteko asmoa izanen luke. Langileak, ordea, ez daude hori onartzeko prest, “eskualderako izugarri kaltegarria” izanen litzatekeelako.
«2005eko Plan Estrategikoa ez da bete»
Langileek adierazi dutenez, “Zalain ongi zegoenean Condesa taldeko kide ginela aipatzen zuten behin eta berriz eta orain, gaizki doazela, bakarrik utzi nahi gaituzte”. 2005eko maiatzean lantegiak eta langileen batzordeak adostutako Plan Estrategikoa “iruzurra” izan dela salatu dute langileek: “Adostutako desinbertsioak, hau da, makinak kentzea, aski abudo egin ziren, baina hitz eman zuten inbertsioetatik bortzetik bi ez dira oraindik gauzatu”. Honela, 2004an hiru produktu mota ezberdin egiten zituzten, “egiturako tuboa, pareta fineko tuboa eta kalibratua, urtean 220.000 Tonako produkzioarekin eta 480 langilerekin. Orduan, tubo kalibratua bakarrik egitera pasatu ginen, 135 langile ebentual eta 11 komertzial kendu zituzten eta gaur egun 40.000 Tona bertzerik ez dugu produzitzen”. 2005eko Plan Estrategikoak 2010erako urteko 115.000 tonako produkzioa eta 340 langileko plantilla aurreikusi zituen. Langileen Batzordeko kideek aipatu dutenez, “tubo kalibratua balio erantsi handiko baino fabrikazio eta kontsumo guttiko produktua da eta horrek langileen murrizketa dakar”. Gainera, “karta bakarrera jokatzearen arriskuaz” hasieratik ohartarazi omen zuten langileek.
Nafarroako Gobernuak EREa onartuko ez duen itxaropena
Nafarroako Gobernuak afera honetan ere esku hartu behar duela uste du Zalaingo langileen batzordeak, “dirulaguntza aunitz eman baititu enpresa honendako”. Nafarroako Gobernuak aurkeztu zaizkien despidorik gabeko EREen %90etik goiti onartu dituen arren Zalaingoa gibelera botako dutela itxaropentsu daude, “alde batetik luzera handikoa delako, urte terdikoa eta Condesa taldeak irabazi izugarriak izan dituelako azken urteetan”.