Lesakako Onin, EA eta Ezker Abertzalearen artean adostutako adierazpenarekin bat eginez “Politikaren judizializaziorik ez, konponbidea orain!” lelopean kontzentrazio ixila eginen da maiatzaren 15ean, ortziral arratseko 20:00etan Lesakako Plaza Zaharrean. Adierazpen eta kontzentrazio honi atxikimendua azaldu diote Lesakako, Berako, Arantzako eta Etxalarko udalek, Tantirumairu ikastolak, Otxogorrienea Guraso Elkarteak, bertso eskolak, Beti Gazteko erregionaleko futbol taldeko jokalariek, Lesakako ostatuek, Lesakako Gazte Asanbladak, Tantirumairu dantza taldeak, Lesakako txistulariek, Mairu antzerki tailerrak, LAB sindikatuak, Gure Arrano elkarteak, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eta Lesakako Zerbitzuen Elkarteak.
Sei lesakar inputatuak
Astelehen goizean Lesakako Herriko Etxean Koldo Erkizia alkateak, Deñe Abuin zinegotziak eta Iban Maiak irakurri duten adierazpenean, joan den urteko Sanferminetako txoznen inguruan burutzen ari den ikerketa bat dela eta, Audientzia Nazionalaren irekita dauden diligentziaen harira, Guardia Zibilak sei lesakar inputatu dituela gogoratzen da, “Audientzia Nazionalak berak inputatuko dien delitua eta jasan ditzaketeen ondorioak oraindik orain argitu ez direlarik”. Mota honetako gertaerak, azken urte honetan batez ere, Lesakan ez direla berriak ere aipatu dute, eta “tortura kasuak, dispertsioa, ilegalizazioak… egunak joan eta egunak etorri kontrol polizial iraunkorrak” jarri dituzte adibidetzat.
«Gertaera hauek herritarren eskubideak urratzen dituzte»
Onin, EA eta Ezker Abertzalearen adierazpenaren arabera, “gertaera guzi hauek herritarren eskubideak urratzen dituzte eta lesakar aunitzen oraina eta etorkizuna baldintzatzen dituzte, are gehiago, larriki eragozten dute gure herriko bizikidetza eta normaltasuna”. Sinatzaileen arabera, “egoera honek gure herriak bizi duen gatazka politikoaren judizializazioan, hala nola, herri mugimenduaren kriminalizazioan du oinarri eta honek ez dio deus onik ekartzen beharrezkoa den konponbideari”. Horregatik, orain arduraz jokatzea inoz baino garrantzitsuagoa eta beharrezkoagoa dela uste dute eta alde horretatik, eragile politiko, sindikal, kultural, sozial nahiz norbanakoen eginbeharra da “gure herrira justizia eta demokrazia ekarriko dituen konponbide demokratiko baten alde egitea, herritarron eskubide zibil eta politikoak, norbanakoak nahiz kolektiboak bermatuko dituen konponbidea hain zuzen ere”.