Bortzehun lagunek bat egin zuten Arantza, Bera eta Etxalarko alkateek bultzatutako manifestazioarekin

Aitor AROTZENA 2009ko mai. 11a, 13:50
Zalain-Zokotik abiatu eta Berako Herriko Etxeko Plazara egin zuten ibilaldia. TTIPI TTAPA

Larunbatean egin zen, "Ez gaitezen engaina, sistema bera da balio ez duena" lelopean

“Ez gaitezen engaina, sistema bera da balio ez duena” izenburupean Arantza, Bera eta Etxalarko alkateek deitutako manifestazioak 500 bat lagun bildu zituen larunbat eguerdian. Deitzaileekin batera, ELA, LAB eta EHNE sindikatuek, Etxalar, Arantza, Sunbilla eta Bertizaranako udalek, Bera, Lesaka, Malerreka, Baztan eta Arantzako Gazte Asanbladek eta Baztandarren Biltzarra elkarteek bat egin zuten deialdiarekin. Zalain Transformados lantegitik abiatu ea Berako Herriko Etxeko plazarako bidea egin zuten, Alkaiagako industrialdetik pasatuta. Eskualdean ematen ari diren EREen kontra eta maiatzaren 21eko greba orokor deialdiaren aldeko oihuak aditu ziren, baita bertze hainbat ere. Beratik iruñera “Burniaren martxa” akautu berria zuten Funverako hainbat langilek ere parte hartu zuten manifestazioan, bere buzo berdeak jantzita.

Pintada mehatxugarriak

Behin Herriko Etxeko Plazara ailegatuta, manifestariek kezkaz eta harriduraz ikusi zituzten Herriko Etxearen arkupetan margotutako pintadak. Falangek sinatuta, gaur egungo eta garai bateko alkate eta zinegotzien kontrako heriotz mehatxuak eta “Euskera bai, komunismoa ez” bezalako idatziak irakur zitezkeen.

Hizlarien txanda

Hizlarien txandan, EHNEko Mikel Altzuart-ek hartu zuen lehenik hitza eta sistemak Albako Dukesa bezalako lurjabe handiak laguntzen dituela salatu zuen, “%5ak, dirulaguntzen erdia jasotzen duela” salatuz. Alde horretatik, “sistema lehen sektorea hiltzen ari dela” azpimarratu nahi izan zuen. Segidan, Funverako langileek beraien lantegian egindako Lan Erregulazio Espedienteari buruzko jakingarriak eman zituzten. ELAko Felix Espelosinek eta LABeko Dabid Iturriak, beraien mobilizazioko adibidea kontuan hartuz, langileak elkartzeko beharra azpimarratu zuten. Izan ere, hiru eguneko “Burniaren martxaren” ondotik, ortziralean aurkeztu zuten beraien gorako errekurtsoa Nafarroako Gobernuko Lan Departamentuan. Azkenik, Patxiku Irisarri Etxalarko alkateak ,”kapitalismoa langileen kontura bizi dela” aipatu zuen eta manifestazioaren leloak zioen bezala, “sistemak bera dela balio ez duena”. Irisarriren ustez, “krisiak ez dio EREan dauden edo kanporatuak izan diren langileei bakarrik eragiten, gizarte osoari baizik”. Ekitaldia akautzeko, Josu Goiak “Internazionala” kantatu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun