Osasuna futbol taldearen denboraldi bukaera girotzeko zenbait ekitaldi antolatu ditu Bortzirietako Gorriak peñak. Hasteko, igande honetan, maiatzaren 10ean, ibilaldi neurtua antolatu dute, nahi duen guziarentzat irekia. Goizeko 10:00etan abiatuko dira lehen ibiltariak Plaza Zaharretik eta Igantzi alderako bidea hartuko dute: XuaxkoBordako errekatik Arginekebordara joko dute, Piedadeko kaxkora ateratzeko. Frain kaxkotik igaro ondotik Pikukobordara jautsiko dira eta Ballesterren barna plazara bueltatuko dira, bertan izanen baita helmuga.
Ezkonduak ezkongabeen kontra
Maiatzaren 23rako ere egunpasa polita antolatu dute Bortzirietako Gorriek. Hasteko, eguerdiko 12:00etan elkarteko ezkondu eta ezkongabeen arteko futbol partidua jokatuko dute Mastegin. Segidan bazkaria izanen dute Koxkillan eta bazkalondoa girotzeko, Barça-Osasuna partida ikusiko dute telebistan. Arratsean, The Cheesy Poofs taldeak kontzertua eskainiko du.
120 bazkide
Gaurko egunean 120 bazkide dituen Bortzirietako Gorriak taldeak denboraldia agurtzeko bazkaria ere eginen du maiatzaren 31n, gero Osasuna-Real Madril partida ikusteko.