Mugaz Gain gazteentzako antzerki jaialdia ortzegunean abiatuko da Berako Kultur Etxean

ttipi-ttapa 2009ko maiatzaren 6a

Mugaz Gain jaialdietan gaztetxoen antzeslanak ikusgai izaten dira. TTIPI TTAPA

Maiatzaren 21ean eta 22an izanen dira hurrengo saioak

Bertze urte batez Antzerkia eta Eskolak, Berako Udalaren eta Berako Kultur Batzordearen laguntzaz antolatutako Mugaz Gain Antzerki Jaialdia maiatzaren 7an eta 8an abiatuko da Berako Kultur Etxean. Lehen saioetan Bortzirietatik kanpoko antzezle gaztetxoak izanen dira Beran eta Lasarte, Oiartzun, Iruña eta Donibane Lohizuneko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gazteek hartuko dute parte. Honela, maiatzaren 7an, Lasarteko Landaberri antzerki eskolako DBH1, DBH2 eta Gazteak 1 taldeen antzeslanak ikusgai izanen dira 10:40etatik aitzinera. 13:30ean, Oiartzungo Elizalde BHI-DBHko laugarren mailako taldeak “Zu zeu izan” antzeslana eskainiko du.
Maiatzaren 8an, ortziralean, 16 eta 17 urteko gazteek osatutako Donibane Lohizuneko Association Théâtre Scaramuccia taldeak “On/Off” antzeslana eskainiko du. Iruñeko Iturrama institutuko DBH-4 eta 1. Eta 2. LB mailako ikasleek “Atsedenaldiak ez dira aspergarriak” antzeslana eskainiko dute.

Maiatzaren 21 eta 22an Bortzirietakoak

Aste honetako bi jardunaldien ondotik, maiatzaren 21 eta 22an, Bortzirietako Lehen Hezkuntzako antzezle gaztetxoen txanda etorriko da. Maiatzaren 21ean, ortzegunean, Berako Labiaga ikastolako bosgarren mailako ikasleek “Afrikara goaz!” eskainiko dute 10:00etan; 12:00etan Igantziko eskolako hirugarren eta laugarren mailako ikasleek “Ikas dezagun ba...” eta 15:00etan, Berako Ricardo Baroja eskolako bosgarren mailako ikasleek “Aditutakoak” antzestuko dute. Goizeko saioak Bortzirietako ikastetxeetako ikasleei zuzenduak izanen dira, baina 18:30ean, Aditutakoak eta Afrikara goaz antzeslana berriz ere ikusteko aukera izanen da, nahi duen guziarentzat, Kultur Etxeko ateak zabalduko baitira. Maiatzaren 22an, ortzirala, goizeko 10:00etan Jesusen Bihotza ikastetxeko bigarren mailako ikasleek “Otso bihozbera” antzeslana eskainiko dute; 12:00etan Hazparneko ikasleek “Zapatak mintzo” antzeslana eta 15:00etan Ricardo Baroja eskolako bigarren mailako ikasleek “Xaulen bidaia”. 18:30etatik aitzinera Xaulen eta Otso bihozbera ikusteko bigarren saioa eginen da Berako Kultur Etxeko ateak zabalik direla.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun