Funverako ehun langile baino gehiago abiatu dira asteazken goizean lantegitik Iruñerako bidean. Kontuan hartuz gaur egun 147 langile dituela, eta batzuk baja edo bertzelako arrazoiengatik ezin izan dutela agertu, langile guzien babesarekin abiatu da lantegiak proposatu eta Nafarroako Gobernuak onartu duen “ERE bortitzaren” kontrako “Burniaren Martxa”. Felix Espelosin ELAko ordezkariak aipatu ditu Lan Erregulazio Espediente honen baldintza kaxkarrak. Izan ere, Erregulazioak apirilaren 27tik urte bukaera bitarteko 195 lan egunei eragiten die eta langileek hasieratik bere ezadostasuna agertu dute. Horregatik, Gorako errekurtsoa aurkeztuko dute , “gure azken aukera” eta hori Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Lan kontseilari eskura emateko egiten ari dira hiru eguneko martxa hau. Legeak aginduta tuneletatik oinez pasatu ezin dutenez, horren arabera lehenbiziko etapa Beratik Almandozko tunelera eginen dute; ortzegunekoa Belateko tuneletik Ezkabakora eta ortziraleko etapan Ezkabatik abiatuta Iruñeko karriketan ibiliko dira, Nafarroako Gobernura ailegatzeko.
240 lan egunetik 195 lanik gabe
Felix Espelosinek aipatu duenez, “240 lan egunetik 195 erregulazioan eskaintzen ditu ERE horrek eta gainera, gure langabezitik ordaindu beharko dugu, ez baitute inolako osagarririk eskaintzen. Honen aitzinean, mobilizazioa eta borroka bakarrik gelditzen zaigu enplegua mantentzeko, pertsona guziek soldata duina izatera dugun eskubidea bermatzeko eta enpresari lan hitzarmenean adostutakoa betetzeko eskatzeko”.
640 euro kobratuko dute hilabete bukaeran
Langileek emandako datuen arabera, azken lau urteetan 5 milioi terdi euroko irabaziak izan ditu Funverak eta orain proposatzen duen EREarekin, hilabetean 215.000 euro aurreztuko ditu lantegiak soldatetan. Maiatzean sei egunez bakarrik lan eginen dute eta lantegiko nomina eta langabezi prestazioa gehituta, 640 euro kobratuko dituzte langileek hilabete bukaeran. Lantegiak 16 eguneko oporrak ordainduko ditu aurten eta gainerakoa langileek beraiek ordaindu beharko dituzte eta Eguberrietako aparteko paga 210 eurokoa izanen da. Azkeneko bortz hilabetetan 55 langile ebentual bota dituzte lantegitik eta hogei langilek ez dute deus kobratuko langabezitik, ez baitute horretarako behar adina denborarik lanean. Bertze aldetik, erretiro partziala hartzeko lau langileek zuten eskubidea ukatu egiten du zuzendaritzak, Funverako hitzarmenean onartutakoa bete gabe utziz.
"Enpresa irrika ari da gure bizkar"
Langileak haserre eta nardatuta daude egoerarekin eta lehertzeko punttuan daudela ere adierazi dute gaur Funverako atarian. Irabaziak lortzeko erabili dituztela eta lehenbiziko zailtasunak agertu direnean langabezira bidali dituztela salatu dute eta hori ez dela “ez duina, ez gizabidekoa”.Langileen ustez, “enpresa gure bizkar irrika ari da, eskaintza erridikuloak eginez eta gero baztertuz eta Nafarroako Gobernua, lantegiaren eskari guziak onartzen ditu, hauek langileak esplotatzen segi dezaten.