Berako IX. Mendi Itzulia eginen da igande honetan

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 30a

Berako Itzulia iragartzen duen kartela. TTIPI TTAPA

30 kilometro izanen ditu ibilbideak

Igande honetan, maiatzak 3, eginen da IX. Berako Mendi Itzulia. 30 kilometro izanen ditu ibilbideak, eta itzuliaren desnibela, berriz, 1.000 metrokoa da. Agerra elkartetik (65 metro) hasita Larretagaina edo Santa Barbara izanen da igo beharreko lehenbiziko tontorra (400 metro). Handik Idoiako bidegurutzera jautsi eta Labiagako kaskora (618 metro) igo beharko da. Segidan Lizuniagara jautsi beharko da, eta berriz goiti egin beharko da Kondendiagan barna. Larun (900 metro) izanen da ibilbideko gailurrik altuena. Handik beheitirako bidea hartu beharko da Iasola Zaharra eta Landagaitatik pasatuz. Usategietatik goiti, Ibardin eta Azkenbenta pasatu beharko dituzte mendizaleek, gero Manttalera igotzeko (573 metro). Postan barna bidea eginez, Agerran akituko da itzulia.

Izen ematea

Ibilaldian parte hartzeko 10 euro ordaindu beharko dituzte federatuak ez direnek eta 8 euro federatuek. Izena egun bereran eman beharko da Agerra Mendi Taldearen egoitzan, 6:00etatik 7:50 bitartean. Irteera, berriz, 7:00etatik 8:00etara egin beharko da, eta parte-hartzaile bakoitzari dagokion txartela irteerako kontrol-postuan emanen zaio, hurrengo kontrol postuetan erakusteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun