Gure Txokoako dantza taldeko mutilak dira eta Gure Txokoako jubenil mailako futbol taldeko entrenatzaile eta jokalari bezala ere ezagunak. Baina Nahiadance Boys bideoklipak egin ditu famatu. Izan ere, Gaztea Irratiak (garai bateko Euskadi Gazteak) Nahiadance taldearen “Hot, hot” kantua hornitzeko antolatutako bideoklip lehiaketa irabazi dute Berako gazte hauek: Julen Jiménez, Julen Baleztena, Mikel Morcillo, Mikel Agara, Mikel Goienetxe, Javier Pikabea, Patxi Castillo, Iñigo Erkizia, Ibon Erdozain, Asier Anduela, Imanol Moreno eta Ibai Iturriak. Afalondo baten egindako komentarioaren ondotik, ideia ezberdinak sortu ziren eta ideia horietatik saria irabazi eta Interneteko youtube atarian hilabete eskasean lau mila bixita baino gehiago jaso dituen bideoklipa. Horretarako, aski da Youtuben sartu eta “Nahiadance Boys” klikatzea.
«Punttu sentsuala duen bideoklipa»
Dantza taldeko zapela eta galtza txuriak alde batera utzi eta letra “beroak” dituen kantuari ongi egokitzeko, “punttu sentsuala” duen bideoa egin zuten Matzadako aldageletan, arropa guttirekin. Ibai Iturriak aipatu digunez, “bi ortziral arratsetan elkartu ginen Matzadan, ordu txikietan eta beldurra genuen norbaitek aditu eta zer ari ote ginen galdezka etortzeko”. Gurasoek bideoa ikusi eta hagitz kontent daudela aipatu digu Ibai Iturriak, nahiz eta partaideetako batzuen arrebak “hau lotsa!” erran.
Nahiadance taldekoek zorionduak
Lehiaketara aurkeztu eta saria irabazi zutela deitu zietenean, “harrituak eta hagitz kontent” gelditu ziren Berako gazteak, ez baitzuten espero. Gaztea Irratitik bideoklipa “oso ona, dibertigarria eta lotsagabea” zela erran zieten. Nahiadance taldekoek ere deitu omen zuten beratarrak pertsonalki zoriontzeko.
Sarien garaia
Lana egin ondotik, orain sarien txanda da. Sariaren zati bat, partaideentzako sagardotegi baten afaria egin zuten duela aste pare bat Hernanin. Orain, apirilaren 30ean Gaztea Sarien jaialdia dator, Euskal Telebistatik emanen dutena. Beraien bideo pantaila handian ikusiko omen da eta partaide guziak joanen dira saria biltzera. Ibai Iturriak aipatu digunez, “kamixetak jantzita joanen gara, gero ikusiko da!”.