Berako Gazte Eguna ospatuko da larunbatean

ttipi-ttapa 2009ko apirilaren 29a

Arratsaldean joku dibertigarriak izanen dira aurten ere. TTIPI TTAPA

Kaxerna Gaztetxeak antolatuta

Kaxerna Gaztetxeak antolatuta Gazte Eguna eginen da larunbat honetan, maiatzak 2. Aurtengoa seigarren edizioa izanen da. 2004an antolatu zuten lehen aldiz, Gazte Asanbladaren izenean, baina Kaxerna lortuz geroztik, Gaztetxean egiten dituzte ekitaldiak. Hasierako hiru helburuei helduko diote aldi honetan ere: «herriko gazteen harremanak areagotzea; euskara, gure hizkuntza, solastu, maitatu eta errespetatzea eta herriko jendea antolakuntzaz eta autogestioz, Gaztetxea aitzinera ateratzen ahal dela jabetzea».

Egitarau zabala

Honela joanen da eguna: 11:00etan aurkezpena. Ondotik, taldetan banatuta, taldekide batzuek lehiaketarako paella egin beharko dute, eta bertzeek Gaztetxe sarrerako paretan mural bat. Eguerdian lehiaketako paellarekin bazkaria. Arratsaldean, jokuak taldeka. Gero, herriko ostatuetan, triki-txiste-poteoa. Arratsean, berendu-afaria eta musika Katakuko terrazan. Apuntatzeko epea astearte honetan, apirilak 28, akitzekoa zen (Kataku ostatuan).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun