Krisia dela-eta manifestazioa deitu dute Bortzirietako hiru alkatek

TTIPI TTAPA 2009ko api. 28a, 12:10
Eraikuntza sektorea, erraterako, krisiak bete betean jo du, baina ez da bakarra. Lantokiak eta bertzelako erakundeak ere gogor astindu ditu krisiak, eta hori irudikatu nahi da maiatzaren 9ko manifesta

Arantza, Bera eta Etxalarkoek egin dute deia, maiatzaren 9rako

Sistema bera da, balio ez duena. Horixe salatzeko manifestazioa eginen da maiatzaren 9an, larunbata, Alkaiagatik Berara bitartean. Ekimena Ainara Maia Arantzako alkateak, Josu Iratzoki Berakoak eta Patxiku Irisarri Etxalarko alkateak paratu dute abian, «krisiaren aitzinean zonalde osoa gorpuztu eta bat egin dezan». Krisia dela-eta, euren ekarpena egin nahi dutelako egin dutela deialdia hiru herrietako alkateek.

Manifestazioa eguerdian, 12:00etan hasiko da, eta aipatu bezala, Alkaiagatik Berara eginen da, «lantokiak eta herria lotuz». Maia, Iratzoki eta Irisarriren hitzetan, «langileak, autonomoak, zerbitzuetan lan egiten dutenak, krisian dira». Horrez gain, «zerbitzu publikoa eman behar duten Udalak eta Mankomunitateak ere krisian daude, sistemak hala behartuta (hirigintza eta mendiko sarreren lotura) eta Nafarroako Gobernuko finantziazio sistemak itota, toki entitateei dirulaguntzak murriztu baitzaizkie, zama osoa Udalen gain utziz».

Mezua zabaldu nahi da

Deialdia zabaltzeko asmoz, zonaldeko eragileekin hitz egiteko asmoa dute: «EHNE, ELA, LAB, alderdi politikoak eta zerbitzu, emakume, kirol, kultur eta etorkinen elkarteekin». Mezua mozio bidez ere zabalduko dute eta atxikimenduak biltzeko, helbide elektroniko bat paratu dute abian: herria@etxalar.org.

Greba orokorra «girotzeko»

Maiatzaren 9ko manifestazioa ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek maiatzaren 21erako deitu duten greba orokorra «girotzeko aukera polita» izan daitekeela uste dute hiru herrietako alkateek. «Hortik aitzinera aukera guztiak irekita daude».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun