Udaberriko Bestak asteburu luze honetan

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 28a

Merkatua, mendi ateraldiak, bertso saioak, antzerkiak... izanen dira

Azken urteotan bezala, aurten ere Udaberriko Bestak izanen dira, Euskara Batzordeak antolatuta. Ekitaldiak ortziralean, maiatzak 1, hasiko dira, eta igandera arte iraunen dute.

Hasteko merkatua

2007an herritarrek emandako gauzekin merkatua antolatu zuen Batzordeak, biltzen zen diruarekin herriko mapa egiteko. Aurtengoan, maiatzaren 1ean izanen da, 11:00etatik 18:00ak arte, frontoian. Kasu honetan, antolatzailea Igantziko Abesbatza da, eta bilduko den dirua 20. urteurreneko ospakizunak finantzatzeko izanen da.
Abesbatzak herriko etxe guztietara idatzi bat zabaldu du, merkatua nola antolatuko duen eta bildu nahi dituen gauzak zein diren azalduz. Batez ere, honelakoak proposatu dituzte: etxean egindako produktuak (kontserbak, gaztak, eztia, postreak, mermeladak, likoreak…), baratzeko produktuak, sendabelarrak eta ukenduak, eskulanak, jostailuak, ipuinak, CDak eta DVDak, eta gisa horretakoak. Bertzalde, herriko elkarte, ostatu eta dendek emandako puskekin zozketa eginen da; egun guzian horretarako txartelak erosi ahalko dira, eta 18:00etan zenbaki saridunak aterako dira.
Ordu horretan, herriko bertso eskolan dabiltzan ikasleen saioa izanen da, frontoian bertan.

Eta ekitaldi gehiago

Larunbat goizerako, maiatzak 2, mendira ateraldi bat antolatu du Guraso Elkarteak haur eta gurasoentzat. Frontoian elkartuko dira 10:00etan, eta handik Mugako Egira joanen dira. Bakoitzak bere hamaiketakoa eraman behar du eta eguerdirako itzuliko dira. Egun berean, 19:00etan, Baratzondon, eskolako 2. zikloko ikasleek prestatutako antzerki emanaldia izanen da. Gogoratu behar da azken urteotan eskolan bereziki lantzen ari direla antzerkigintza, horretarako espreski ekartzen duten irakasle batekin.
21:00etan barrikotea izanen da Biltokik antolatua, elkartean bertan. Aipatu, afari hori egin ahal izateko gutxienez 25 lagunek izena ematea beharrezkoa zela; berri hau idazterako garaian izen emateko epea oraindik irekia zegoen.
Asteburuari akabera behar bezala emateko, ibilaldi bat antolatu du Euskara Batzordeak maiatzaren 3rako. Iaz Batzordeak herriko mapa argitaratu zuen, eta bertan bildu ziren herriko hainbat eta hainbat toki izen. Mapa horretako toki interesgarrienak ezagutzeko asmoarekin antolatu da ibilaldia, eta maparen egileek gidatuko dute. Ibilaldian nahi duen guziak parte har dezake; nahikoa izanen da igandean 10:00etan frontoira agertzea; bueltak bizpahiru ordu iraunen du. Azkenik, igandean 16:00etan haurrentzako zinema saioa izanen da, Guraso Elkartearen eskutik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun