Udal gehiengoa «epaitegira ez eramateko erabakiak» hartzeko gai dela uste du PNVk

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 28a

Kontrakoa «hagitz larria» litzatekeela uste du

Udalean gehiengoa duten taldeek «epaitegietara eramanen ez gaituzten erabakiak» hartzeko gai direla uste du PNVk, «kontrakoa hagitz larria» izanen litzatekeelako. Ezohiko batzarrera ez azaltzeko jarrera azaldu zuela dio eta berriz ere hori gertatuko dela «identifikatu eta erregistratu gabe deitzen bada plenoa».
PNV udal taldea «harritua» dago Aralar alderdiak Lesakako Herriko Etxean gertatzen diren gaiekin azaltzen duen interesarekin. Modu berean, «kuriosoa» iruditzen zaio alkatetza eta oposizioaren artean ezadostasuna dagoenean Aralar ateratzea gehiengoa duen taldeen babesean eta PNVk Onin eta Aralar harremanatzen dituenean «Oninekoak hori gezurtatu eta bere independentzia azaltzea». Aralarrek Lesakan Udalak ezker abertzaleko kideekin egin omen dituen bileren ezagutza hain sakona izateak ere harritzen du PNV, «ofizialki ez baitu zinegotzirik eta guk, bostekin, ez baitugu bilera horien informaziorik eduki». Nahi dutenarekin biltzen ahal direla dio PNVk, «Udalaren funtzionamenduari eta elkarbizitzari eragiten ez dion bitartean».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun