Lesakako Tantirumairu Dantza Folklore Taldeak udalaren laguntzaz antolatuta Tantirudantza 2009 Taldeen Topaketa eginen da igandean, apirilaren 26an. Goizeko 11:45ean hasita karrikaz karrika eta auzoz auzo ibiliko dira aurtengo dantza talde gonbidatuak, Lasarteko Erketz eta Getariako Gure Txeru, beraien dantzak eskainiz.
Zubigainekoa eta dantza taldeen emanaldia
12:45ak aldera, Tantirumairu dantza taldeko gaztetxoek Zubigainekoa dantzatuko dute. Sanferminetan eta helduek bakarrik dantzatu ohi dute aspaldiko dantza hau, baina Tantirudantza topaketan, kanpotik etorritako dantzari eta laguntzaileek ikusteko aukera ere izaten dute. Herrikoen saioa ikusi ondotik, dantza taldeak plazara biltzen dira, eta bertan beraien saioa egiten dute, hiruzpalau dantzekin. Gero, Lasarte eta Getariatik etorritako dantzariak herriko dantzarien etxeetan banatuko dira bazkaltzeko, erakusle eta musikariak elkarrekin bazkalduko duten bitartean. Arratsaldeko 17:30ean, Tantirudantza Topaketa bukatzeko Jakin eta Jolas animazio taldeak bere emanaldia eskainiko du Plaza Zaharrean.
Beran pailazoak igande arratsaldean
Igandean Beran ere izanen da kultur ekitaldirik. Hain zuzen, Korri, Xalto eta Brinko pailazoek “Artista bat naiz ni” haurrentzako ikuskizuna eskainiko dute 17:00etan Kultur Etxean. Ricardo Baroja ikastetxeko Guraso Elkarteak Berako Kultur Batzordearen laguntzaz antolatutako ekitaldi honetan sartzeko haurrek 3 euro ordaindu beharko dute eta helduek 2 euro. Pailazoek arlo guztietan artista ederrak direla erakusten dute hainbat esketx dibertigarriz jositako obra honetan: musika kontzertu bitxi bat, pintura eta eskultura saioa, zinea... Publikoaren laguntzaz, abestiekin, dantza eta txorokantekin.