Hasier Larretxea eta Javier Irazokiren azken lanak aurkeztuko dira Beran eta Lesakan

TTIPI TTAPA 2009ko api. 23a, 13:23
Javier Irazoki lesakarrak "50 musikari aitzindariri buruzko zertzeladak idatzi ditu "La nota rota" liburuan. TTIPI TTAPA

Poesia liburua aurkeztuko du arraioztarrak ortziralean eta 50 musikariri buruzko prosa liburua lesakarrak larunbatean

Ez dira ohikoak izaten liburu aurkezpenak gurean, baina aste hondar honetan baten faltan bi ere izanen dira Bortzirietan.

Hasier Larretxearen "Azken bala" ortziralean Berako Liburutegian

Apirilaren 24an, ortziral arratsaldeko 19:30ean, Hasier Larretxea arraioztarrak “Azken Bala” liburuaren aurkezpena eginen du Berako herri liburutegian. 1982an Arraiozen sortutako olerkariaren azken lana da “Azken Bala”, 2001ean argitaratutako “Eguraldi lainotsua” eta 2004ko “Bazaudete?” poema liburuen ondotik. Dagoeneko gaztelerara itzulia da, “La última bala” izenburuarekin eta Andaluzian, euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzen den lehen liburu elebiduna da.

Javier Irazokiren "La nota rota" larunbatean Lesakako Herriko Etxean

Francisco Javier Irazoki Otxoteko “Tzoki” lesakarra ere poeta da, baina oraingoan, prosa aukeratu du, garai ezberdinetako 50 musikari aitzindariren biografia eta lanei buruzko zertzeladak egiteko “La Nota rota” liburuan. 1954an Lesakan sortu eta 1993tik Parisetik bizi den idazlearen azken liburuaren aurkezpen ekitaldia apirilaren 25ean, larunbat arratsaldeko 19:30ean eginen da Lesakako Herriko Etxeko pleno aretoan. Irazokiren liburua Legarra eta Telletxea liburudendetan salgai dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun