Hainbat ekitaldiz hornitua larunbatean ospatuko da Lesakako Gazte Eguna

Aitor AROTZENA 2009ko apirilaren 23a

Arratsaldeko jokuen ondotik arratsean kontzertua izanen da. TTIPI TTAPA

"Ametsari tira eta tira, Gaztetxea herrira" izenburupean

Lesakako Gazte Asanbladak udalaren laguntzaz antolatuta Gazte Eguna ospatuko da larunbat honetan, apirilaren 25ean, “Ametsari tira eta tira, Gaztetxea herrira” lemapean. Lesakako gazteek biltzeko eta ekitaldi ezberdinak antolatzeko egoitza eskatu diote Herriko Etxeari, baina gaur gaurkoz lekurik ez dagoela erantzun diete. Halere, gaztetxea lortzeko helburu horretan ez dute etsitzen eta horren aldeko dinamika indartsu bat sortzea da Gazte Egunaren xede nagusia.

Goizean hitzaldia, txapelketak eta bertso saioa

Hasteko, goizeko 10:30ean egunaren aurkezpena eginen dute. Segidan, 11:00etan, “1512-2012 Nafarroa Bizirik!” hitzaldia eskainiko du Gaizka Arangurenek. Eguerdian, koadrilla arteko mural eta paella txapelketa eginen da eta bertso saioa eskainiko dute eskualdeko bertsolariek.

Bazkaria eta kantu zaharrak

14:00etan bazkaria izanen dute. Paella txapelketan egindako kaxuelekin hasiko dira, baina horretaz gain xolomoa melokotoi saltsan eta postrerako samingoxoa izanen dute. 10 euro ordaindu beharko da bazkariaren truke. Bazkalondoan kantu zaharretaz gozatzeko aukera izanen da eta horretarako, gazteek beraiek hainba euskal kantu zahar abestuko dituzte, duela aste batzuk antolatu zuten kantu afarian bezalaxe.

Jokuak, poteo musikatua eta kontzertua

Arratsaldeko 17:00etan, jokuak eginen dituzte. Urtero bezala, joku dibertigarriak izanen dira plaza inguruan eta koadrillen arteko lehia ikusgarria espero da aurten ere. 19:00etan poteo musikatua izanen da, 21:00etan berendu-afaria eta gaueko 22:00etatik aitzinera kontzertua izanen da. Esne Beltza, Kaleginez, Harrika eta Tximeleta taldeek beraien emanaldiak eskainiko dituzte eta sartzea doan izanen dela jakinarazi dute Lesakako gazteek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun