Berako Matzada futbol zelaian argiteri berria izanen dute heldu den denboralditik aitzinera. Asteazken arratsaldean horretarako hitzarmena sinatu zuten Iamotenean Gure Txokoa elkarteak, lanak ordainduko dituen Gipuzkoako Futbol Federazioak eta Berako Udalak. Sinadura ekitaldian Txelu Oiartzabal Gure Txokoako presidentea, Juan Mari Larrea Gipuzkoako Futbol Federazioko presidentea eta Josu Iratzoki, Berako alkatea izan ziren. Mahaia osatuz, Angel Ponbar Gure Txokoako presidente ordea, Rafa Etxeberria Berako udaleko kirol zinegotzia eta Patxi Gabilondo, Gipuzkoako Federazioko presidentea izan ziren.
Kinielen dirutik
Gipuzkoako Futbol Federaziotik oso-osorik ordainduko dute Matzadako argiteriaren lanak, 90.000 euro inguruko inbertsioarekin, baina Juan Luis Larrea presidenteak onartu zuenez, “dirua Madriletik dator, hain zuzen kinielek sortzen duten irabazietatik %1 lurraldetako federazioetara joaten da. Euskadiko Federazioaren baitan, lau urteko plangintzak izaten dira eta Bizkaia eta Arabakoaren ondotik, aurten Gipuzkoakoari egokitu zaio diru hori eta Berakoarekin batera, beste hainbat zelairen hobekuntzan inbertituko dugu”. Lanak egiteko hiru enpresa ari omen dira lehian eta horietako bati eman ondotik, berehala hasiko dira lanak.
Entrenatzeko zailtasunak
Txelu Oiartzabalek eskerrak eman zizkion Gipuzkoako Futbol Federazioari Berako zelaiko argiterian inbertitzeagatik eta hemendik aitzinera, “baldintza hobeetan” entrenatzeko aukera izanen dutela uste du, argia falta zelako edo zelaiaren egoera kaxkarrarengatik hainbat entrenamendu bertan behera utzi behar izan direlako. Neguko hilabeteetan Gure Txokoako talde nagusiko jokalariek Lesakako Mastegi zelaian ere egin behar izan dituzte entrenamenduak. Hitzarmen hau sinatzeko eta argia Matzada zelaira ekartzeko Luis Irazokik egindako lana ere goraipatu zuten. Josu Iratzoki Berako alkateak ere eskerrak eman zizkion Federazioari eta aurtengo aurrekontuetan zelaiaren mantenurako diru-sailen bat onartua zegoela aipatu arren, “honelako inbertsioari ezin izanen geniokeen inoiz ere aurre egin” adierazi zuen. Rafa Etxeberria kirol zinegotziak, berriz, Udaletik zelaia hobetzeko beharra somatzen dela jakinarazi zuen, “baina herrian gauza aunitz daude hobetzeko eta pixkanaka pixkanaka herriko kirol baldintzak hobetzen saiatzen ari gara”. Gure Txokoa elkartean egiten ari diren lana ere azpimarratu zuen, “udala aldatzen da, baina klubetan lan egiten duen jendeak errealitatea eta beharrak hobeki ezagutzen ditu” erranez.
Zelaia egoera kaxkarrean
Argiteriaren arazoa moldatuta, Matzadako zelaiaren egoera kaxkarra ere izan zuten hizpide mahaian. Herriko lorategi eta berdeguneak zaintzen dituen enpresa berari emana zaio Matzadako mantenu lanak ere, baina honek zaintza berezia behar duenez, ez da Gure Txokoako zuzendaritzak eta jokalariek nahiko luketen bezain egoera onean. Azken urteetan nabarmen kaxkartu omen da gainera. Udal ordezkariek onartu zutenez, enpresak berak Matzadako lan hori uzteko borondatea azaldu du eta urritik aitzinera bertze soluziobideren bat eman beharko zaio aferari. Belar artifizialaren aukera ere solasgai izan zuten eta Federazioko presidenteak argi azaldu zuen zenbat kostako litzatekeen: “300.000 euro inguru”. Gainera, Nafarroako Gobernutik dirulaguntza lortzea zail izanen dela aipatu zute Gure Txokoako agintariek, kilometro guttira Lesakan ere belar artifizialeko zelaia dutela eta Berako jokalariek ere hura erabiltzearen aldekoak baitira Iruñean.