Itsaso Fagoaga, alaba, Espainiako txapeldun izan da aurtengoan, eta berak duen Espainiako errekorraren plater bakar batera gelditu zen. 75 platererik 65 hautsi zituen eta errekorra 66rekin dauka. Gainera, esku-eskura izan zuen errekorra. Lehen txandan 25 plateretik 25ak hautsi zituen. Bigarrennean 22 hautsi zituen eta azkenekoan 20 egitea aski zuen marka hori gainditzeko, baina urduritasunak hartu zuen lesakar gaztea eta 18 bertzerik ez zituen hautsi hondarreko txandan. Halere, emakumeen artean txapeldun gelditu zen. Igandean ere tiratu zuen Itsasok, sailkapen orokorrerako eta bi saioetan 22 plater hautsi zituen. Beraz, guzira 109 plater hautsi zituen eta hamekagarren izan zen sailkapen orokorrean, tiralari guziak kontuan hartuta.
Antonio Javier aita bigarren sartu zen final nagusian baina seigarren akautu zuen
Antonio Javier Fagoaga aita ere bikain ibili zen. Hirugarren mailako bere kategorian txapeldun izan zen, baina sekulako kontzentrazioarekin aritu zen eta final nagusian sartzea lortu zuen, bigarren postuan gainera. Baina bera ere finalean urduritu egin zen eta azkenean, seigarren izan zen sailkapen orokorrean. 125 plateretik 119 hautsi zituen guzira Antonio Javier Fagoagak. Inoiz baino hobekiago aritu zen, baina lorpen handi bat eskuratzeko horrelako aukerarik gehiago ez duela izanen uste du, finaleko urduritasuna zela tarteko.