Euskarazko udalekuetan izen emateko aurreinskripzio epea apirilaren 21etik 23ra ireki da

TTIPI TTAPA 2009ko api. 21a, 12:47

Bortzirietako Euskara Mankomunitatera deitu behar da

Urtero bezala, Nafarroako euskara zerbitzuek haur eta gaztetxoentzako udalekuak antolatu dituzte. Bortziriarrek, Nafarroako bertze zenbait eskualdetako haur eta gaztetxo euskaldunekin batera euskarazko udalekuetara joateko aukera izanen dute. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak diruz laguntzen du ekimen hau, eta gisa horretara, gurasoek, matrikularen prezioaren erdia baino ez dute ordaindu beharrik.

30 leku Bortzirietako haur eta gaztetxoendako

Aurre-inskripzioa aurten apirilaren 21etik 23ra izanen da, eta telefonoz egiten ahal da. Izena emateko aski da haur baten datuak jasotzea, eta horrek, bertze hiru lagunen izena ere ematen ahal du (gehienez). Hartara, elkarrekin zozketatu eta joateko aukera izanen dute. Horretarako, 948 634 125 telefonora deitu behar dute gurasoek. Aurten, 30 leku gorde dira Bortzirietako haur eta gaztetxoentzako. Eskaera guztiak jaso eta gero zozketa eginen da txandak nola beteko diren erabakitzeko. Horren ondotik, euskara zerbitzua plaza egokitu zaienekin zuzenean jarriko da harremanean, matrikula egiteko.

Lehen Hezkuntza eta DBHko ikasleei zuzendua

Lehen Hezkuntzako lehen eta hirugarren maila arteko ikasleek Pasai Donibaneko Piraten Udalekuetan har dezakete parte 7 egunez, ekainaren 27tik abuztuaren 8ra izanen diren sei txandetan, 120 euroren truke. Lehen Hezkuntzako laugarren eta seigarren maila arteko ikasleek Natura Udalekuak izanen dituzten Alkizan. Ekainaren 27tik abuztuaren 8ra zazpi eguneko txandak izanen dira, 120 euroren truke. DBHko lehen eta bigarren mailako ikasleek Kostaldeko Udalekuak izanen dituzte Azkoitian. Astebeteko egonaldia 158 euro kostako da eta uztailaren 3tik 27ra, lau txanda izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun