Krisia sistemak berak eragin duela aldarrikatzeko manifestazioa eginen da maiatzaren 9an

TTIPI TTAPA 2009ko api. 20a, 13:00

Alkaiagako industrialdea eta Berako herria lotuko lituzke Arantza, Bera eta Etxalarko alkateek abiatu dute ekimenak

Baztan-Bidasoalde osoan gorpuztu nahi den eximen berria abiatu dute Arantza, Bera eta Etxalarko alkateek. Ekimen honekin denak bat egitea krisiaren aurrean eta zonalde osoa gorpuztea nahi da.

"Sistema bera da balio ez duena"

Dagoenekoz bai ELAk, bai LABek, hainbat ekimen, kontzentrazio eta bi manifestazio egin dituzte zonaldean helburu berdintsuekin, baina Patxiku Irisarri Etxalarko alkateak adierazi duenez, “guk berriz sistema bera dela balio ez duena irudikatu nahi dugu”.

Manifestazioa maiatzaren 9an

Hiru alkateen idatziak ageri duenez, “langileak, autonomoak, zerbitzuetan lan egiten dutenak krisian dira. Zerbitzu publikoa eman behar duten Udalak eta Mankomunitateak ere krisian daude, sistemak hala behartuta (hirigintza eta mendiko sarreren lotura) eta Nafarroako Gobernuko finantziazio sistemak itota, toki entitateei diru laguntzak murriztu bait aizkie, zama osoa Udalen gain utziz”. Hau guzia kontuan hartuz, krisiaren aurrean bere ekarpena egin nahi dute eta horretarako maiatzaren 9an, eguerdiko 12etan manifestazio bat egitea proposatzen dute, Alkaiagatik Berara, lantokiak eta herria lotuz.

Atxikimenduak posta elektroniko bidez

Patxiku Isirarrik jakinarazi duenez, zonaldeko eragileekin hitzegiten hasiko zira hurrengo egunetan; EHNE, ELA eta LAB sindikatuak, talde politikoak, zerbitzu, emakume, kirol, kultur eta etorkin elkarteekin bilduz. Beraien mezua mozio baten bidez zabalduko dute eta atxikimenduak biltzeko, honako helbide elektronikoa jarri dute martxan: herria@etxalar.org

Maiatzaren 21eko greba orokorra girotzeko aukera polita

Maiatzaren 9an denok elkarrekin egon behar dugula azpimarratu du Patxiku Irisarrik eta aukera polita izaten ahal dela maiatzaren 21ean egin behar den greba orokorra girotzeko. “Hortik aintzinera aukera guztiak irekita daude” diote Arantza, Bera eta Etxalarko alkateek bere idatzia akautzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun