Dispertsioaren aurkako kontzentrazioak eta Bera eta Lesaka arteko martxa egin ziren larunbatean

Aitor AROTZENA 2009ko api. 20a, 12:20
Lesakako kontzentrazioaren ondotik, Lesakatik Berara oinez joan zen Etxerat-en dispertsioaren kontrako martxa. TTIPI TTAPA

Dispertsio politikak 20 urte bete dituela eta 21 preso eta 16 senide hil dituela salatu du Etxerat-ek

Dispertsioak 20 urte bete ditu egun hauetan. Bortzirietako Etxerat-en arabera, “gaur ezagutzen dugun espetxe politika 1989an jarri baitzuten martxan PSOE eta PNVk helburu desberdinak bilatzen zituen; kolektiboa banatu eta zatitzea, presoak pertsonalki txikitzea eta presoaren ingurua zigortzea”. Hogei urte eta gero, Etxerat-en ustez “ez dituzte helburuak bete, kolektiboak elkarturik segitzen baitu eta astebururo bisitak dituzte presoek, bere inguruarekin komunikazioa mantentzen dute”.

«21 preso eta 16 senide eta lagun hil ditu dispertsioak»

Halere, ondoriak gogorrak izan direla onartu du Bortzirietako Etxerat-ek, “21 preso hil dira dispertsioaren eraginez, horien artean Kotto beratarra, 16 senide eta lagun hil dira errepidetan, dozenaka istripu, miloika euroko gastua, milaka kilometro astero... Bortzirietan bakarrik astero 40 minutuko bisita bat izateko 12000 kilometro egin behar ditugu gure lagun eta senideak bisitatzeko”.

Bortzirietako presoak ehundaka eta milaka kilometrora

Zehazki, Lesakako presoei dagokienez, Ainara Fresneda Dueñas-en (Palentzia) dago, Iñaki Fagoaga Alakanteko Foncalent-en, Joseba Iturbide Kadizeko Puerto-Ien, Igor Portu Kordoban, Mikel San Sebastian Pontevedrako A Laman eta Mattin Sarasola Jaenen. Berako presoei dagokienez, Joseba Aranibar Pariseko Fleury-Merogisen dago eta Imanol Larrañaga Zaragozako Zueran. Beraz, guzien senide eta lagunek ehundaka eta milaka kilometro egin behar izaten dituzte 40 minutu eskasez eta kristala tarteko dela, beraiekin solastu ahal izateko.

Furgoneta birak Durangon izan zuen helmuga igandean

Apirilaren 14tik 19ra furgoneta bira bat antolatu du Etxeratek, Euskal Herri osoan lau zutaberekin egin dena, herrialde bakoitzean bana. Sei egunez herri desberdinetatik pasatu da, igandean Durangon ekitaldi nazional batekin bukatzeko. Bortzirietara larunbatean, apirilaren 18an iritsi zen, arratsaldez, eta ekimen desberdinak antolatu ziren. Honela, arratsaldeko 17:00etan irudian ageri den kontzentrazioa egin zen Lesakako Plazan, 17:30ean martxa egin zen oinez Lesakatik Berara, 19:30ean kontzentrazioa egin zen Altzateko plazan eta 21:00etan afaria Espidobaitan.
Igandean, berriz, ekitaldi nazionala egin zen Durangon eta milaka lagun bildu ziren Landako aretoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun