Lesakako txoznen jarduerarekin zerikusia omen duten bortz lagun inputatu berri ditu Guardia Zibilak eta Audientzia Nazionalean diligentziak ireki diren honetan, hausnarketa hau helarazi nahi du Ezker Abertzaleak: Lehendabizi aipatu, eraso berri hau Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoeraren barruan kokatu behar dela. Hain zuzen, etenik gabe ematen ari den eskubide guztien urraketaren testuinguruan; ilegalizazioak, jarduera politikoen jazarpenak, erakunde politikoen aurkako polizia operazioak... Beste eredu politiko eta sozial baten aldeko edozein ekinbide jo puntuan jarriz. Horrela, bizi dugun egoera honen ondorioak Euskal Herriaren luze zabalean nabariak direlarik. Lesakan esaterako, azken bi urteetan, lau lagun atxilotu eta bi bortizki torturatuak izan dira. Arrano elkartea miatu eta sumario batean sartu, mobilizazioetan debekuak eta isun ekonomiko mordoa ezarri zaizkie bizilagunei, herriko 6 presoak beraien herrietatik ehunka kilometrotara urrunduak, ekitaldi bat debekatu eta ondorioz, bi herritar deklaratzera deituak izan ziren, 14 urtez herriko preso bat omentzeko egiten zen mendi irteera debekatu zuten eta eguna joan eguna etorri herria militarki okupatua izan da. Genion bezala, gertaera hauek Euskal Herrian gertatzen ari denaren isla dira.
Dirudienez, mendeku gosea eta gure herriaren aurka darabilten zapalkuntza estrategia asegaitzak dira eta oraingoan txoznak jarri nahi dituzte jo puntuan. Urrats berri honen atzean helburu garbi bat dago: gure herriaren askapen prozesua oztopatu eta herri mugimenduan beldurra hedatu eta edozein antolakuntza kriminalizatzea. Gatazka politikoa parametro demokratikoetan gainditu eta Euskal Herritarron erabakitzeko eskubidea errespetatu beharrean, espainiar estatua, errepresio eta zapalkuntza estrategian sakontzen ari da aspaldi honetan. Lesakan pairatzen ari diren egoera aipatutakoaren ondorio zuzena da. Ezker Abertzaletik, berriro ere zera azpimarratu nahi dugu: herri honek konponbide demokratikoa behar duela, Euskal Herritarren eskubideen errespetuan oinarrituta egongo dena. Bide horretan, gure herriaren burujabetza aldarrikatzen dugunon indarrak biltzea ezinbestekoa dugu. Azken finean erasoa hauen xedea, Euskal Herriaren oraina eta etorkizuna baldintzatzea baita. Azkenik, egun hauetan zenbait komunikabide eta alderdik eraso errepresibo berri honek duen larritasuna gutxietsi eta desitxuratzeko egin duten saiakera salatu nahi dugu. Esaterako, EAJ-PNVk Lesakan eta komunikabideetan erabilitako gezurrak eta posizioak beraien arduragabekeria erakusten digute. Lesakan bizi den egoera larria aztertzeko urgentziazko plenora ez ziren agertu, herritarrei gertatzen zaiena bost axola zaiela erakutsiz. Lesakarron interesak babesten ez dituzten bitartean, negozioetarako onurak ateratzen jarraitzen dute horretarako salbuespenezko neurrietaz baliatu behar badira ere.
Iñaki de Miguel Ezker Abertzalea