ttipi-ttapa Itsaso Fagoaga kirolari lesakarrak Skeet Olinpikoan Errege Kopa irabazi zuen Valladoliden martxoko azken aste hondarrean jokatutako lehian. Bertako tiralari bat izan zuen arerio nagusia. Azkeneko 25 plateretara ailegatutakoan plater bat gibeletik zen lesakarra, baina azkenean garaipena lortu zuen. Eguraldi kaxkarra izan zuten, hotza, haizea eta euria, baina kopa irabazi zuen. Antonio Javier aita, berriz, seniorren hirugarren mailan azpitxapeldun izan zen. Nafarroa eta Espainiako txapelketak Apirilaren 5ean, Nafarroako Txapelketako azken 50 tiroak egin zituzten Fagoaga aita-alabek Valdorban. Elizondoko saioan plater bateko abantaila atera zion Itsasok, baina Valdorban aitak berdintzea lortu zuen. Desenpatean, halere, Itsaso nagusitu zen. Asteburu honetan, bertzalde, hilak 18 eta 19, Espainiako Txapelketa jokatuko dute Madrilen.