Manttale Mendi Lasterketa taldeak antolatuta, Berako Mendi Maratoi Erdia eginen da igande honetan, apirilak 19. Aitzineko edizioetan bezala, 2.714 metroko desnibela egin beharko da 21,150 kilometroko ibilbidean.
GPS bidez egindako neurketa berri batetik ondorioztatu du Manttalek desnibela 2.714 metrokoa dela, eta ez, hasieran uste zen bezala, 2.400ekoa. Horrez gain, 21,150kilometro horietatik 9,72 malda goiti dira eta 10,96 malda beheiti.
Lasterketa 9:30ean aterako da kiroldegitik, eta bidean, zazpi hornidura puntu izanen dira. Horrez gain, amaieran, luntxa izanen da kiroldegi atarian.
Ibilbideko punturik altuena Larun mendia da (900,40 metro) eta bajuena, berriz, irteera eta helmuga puntuak: Berako herria (31,90 metro).
Sariak
Gizonezko zein emakumezkoetan, bortz sari banatuko dira. Irabazleak, gizon zein emakumezkoetan, 250 euro, trofeoa eta txapela eskuratuko ditu; bigarrenak 150 euro eta trofeoa; hirugarrenak 100 euro eta trofeoa; laugarrenak 75 euro eta trofeoa eta bortzgarrenak 50 euro eta trofeoa.
Helduen kategorian ere, lehen hiru sailkatuek saria jasoko dute: trofeoa eta txapela lehenak, eta trofeoa bigarrenak eta hirugarrenak, gizonezkoetan nahiz emakumezkoetan. Horrez gain, lasterketako errekorra (1:41:27) hobetzen duen korrikalariak 300 euro jasoko ditu, eta Ibardingo tarteko helmugatik lehenengo igarotzen denak, 150 euroko saria hartuko du. Sari hau eskuratzeko helmugara iritsi beharko da.
Gaztetxoak ere bai
Aurten berrikuntza gisa, gaztetxoek ere maratoian parte hartzeko aukera izanen dute. 15-17 urtekoentzat 6,6 kilometroko ibilbidea izanen duen lasterketa antolatu du Manttalek, Berako Kiroldegitik Ibardinera bitarte.
Ateraldiak lasterketa ikusteko
Jendeak Maratoi Erdia ibilbidean zehar jarraitzeko, mendi irteera bat eginen da 9. kilometrora, Usategietara. Animatzen denarentzat, 9:00-etan abiatuko dira kiroldegitik, eta gero handik helmugara itzultzeko. Hiru bat orduz burutzeko moduko irteera da. Horrekin batera, 8:30ean bertze ateraldi bat eginen da korrikalariak Larun gainean ikusteko.