450 korrikalari baino gehiago izanen ditu igandean Berako V. Maratoi Erdiak

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 15a

TTIPI TTAPA

Ionut Zinkaren errekorra hobetzen duenarentzat 300 euroko saria izanen da

Igande honetan, apirilaren 19an, jokatuko da Manttale taldeak bosgarren aldiz antolatutako Mendi Maratoi Erdia. Aurtengo lasterketak,2008an izan zituen 400 partehartzaileen muga gainditu du eta 450 lagunetik goiti izanen dira 21,150km.ko ibilbidea betetzeko asmoz irteera puntuan izanen direnak. Hasierako 400 laguneko muga bortz egunez bete ondotik eta erreserba zerrenda luze bat garatu eta gero, parte hartzea zabaltzea erabaki zuen antolakuntzak: gauzak horrela, beraz, apirilak 19an errekor berria jarriko du Berako lasterketak partehartzaileei dagokienez.

Neurketa berriak

GPS bidez egindako neurketa berri batek,ibilbideari buruzko datu gehiago ezagutarazi ditu. Desnibel metatua, igoera eta jautsiera kontutan hartzen dituena, 2714 metrokoa izatera pasa da, eta ez 2400 metrokoa, orain arte uste zen bezala. 1308,30 metro goitirantzko desnibelekoak dira eta 1406,30 beheitirantzkoak. Guztira 9,72 kilometro igoera eta 10,96 beheitirako bidean. 21,150 kilometroko luzera izanen du ibilbideak,maratoi erdi bat beraz, %45ko gehienezko aldapa duelarik igoeran eta %31koa beheitirakoan. Punturik garaiena,Larun mendia izanen da (900,40 metro) eta bajuena berriz,Beran (31,90 metro)

16-17 urteko gazteentzat lasterketa

Berritasun nagusia aurtengoan gazteentzako soilik antolatu den lasterketa izanen da. Aurtengoan lehenengoz eginen da,15-17 urte bitarteko gazteentzako prestatu den lasterketa berri hau.
Ibilbidea,6.6 kilometrokoa izanen da,Berako kiroldegia eta Ibardingo tarteko helmuga artean,lasterketa nagusiko bide berdina eramanez. Izen ematea egunean bertan egin ahal izanen da, 8:00etatik 9:00etara dortsalak emanen diren kiroldegi aitzineko karpan,6 euroren truke. Ibardingo gainetik, ibilgailu batek berriro Berara ekarriko ditu azkena iristen denean.
Lasterketan, Manttaleko bi lasterkalari joanen dira erritmoak markatzen eta aholkulari moduan. Dagoeneko 15 bat lagunek parte hartzeko asmoa erakutsi dute.

Errekorra

Gasteizen bizi den Ionut Zinka errumaniarrak dauka lasterketako errekorra ordubete eta 41 minutuko denboraz. Errekor berria jartzen duenari, antolakuntzak 300 euroko diru saria emanen dio eta horretaz gain,150 euroko bertze sari bat, Ibardingo Bentetan izango den tarteko helmugatik pasatzen den lehenari. Bertze sariak, kategoria desbedinetan eman ohi direnak berdin mantenduko dira.

Partehartzaileak

Aitzineko urteetan bezala, Loro Pikabea, Xabier Zubieta eta Xabier Saralegiren omenez, ez da 1 zenbakirik izanen. Lasterketako faboritoen artean, Fernando Etxegarai iazko garailea, Walter Becerra, Zuhaitz Ezpeleta, Jokin Lizeaga, Juan Mari Garin, Enekoitz Aizpuru, Didier Zago, Unai Santamaría edo Arkaitz Zamakonaren partehartzea segurtatua dago. Emakumeen artean, azken hiru edizioak irabazi dituen Alizia Olazabalekin batera, berriki Sara Korrika Traila irabazi duen Oihana Kortazar eta Saharako Maratoia irabazitako Maitane Txueka izanen dira Beran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun