Berako Mugabeclown taldeak, clown-antzerki ikastaroak egiteko aukera zabala aurkeztu du ikasturte honetarako. Arduradunen erranetan, programa honek erronka berria aurkezten du. Abuztuko ikastaro trinkoek hiru gai proposatzen dituzte: sukaldaritza, ahotsa eta sortze lana. Gainerakoei dagokiena, uda hasieran norberaren clowna lehen aldiko topaketa, eta udazkenean tai-chi eta dantza edukirantz hurbiltzea proposatzen dute. Ikastaroak mailetan ez zatikatzea erabaki dute, clowna topatzeko zenbait aukera ezberdin eskainiz. Bukatzeko, aurtengo eskaintza berezia Valentziako La Pícara konpainiarekin Albaceteko Lezuzan antolatu dituzten ikastaroak dira.
Lehen ikastaroa Albaceten
Hasteko, clown lanean esperientzia dutenentzat, “Krudeltasuna eta clownaren gogoetak” 27 orduko ikastaroa eginen da apirilaren 30etik maiatzaren 3ra arte Albaceteko Lezuza herriko La fábrica de la luz landetxean, La Pícara Teatro taldeak antolatuta.
Udan Berako Alkeberean
Udara begira, ekainaren 27 eta 28an, Berako Alkeberea landetxean Norberaren Clowna lehen topaketa eginen da. 16 orduko ikastaroa izanen da, nahi duen guziarentzat irekia.
Abuztuaren 1etik 7ra, “Clown, sukaldaritza eta…” izeneko 45 orduko ikastaroa emanen da Alkeberean, hau ere denentzat irekia. Leku berean, abuztuaren 9tik 15era, “Clownaren ahotsa” ikastaroa emanen da, 45 orduz.
Abuztuaren 17tik 23ra, clown lanean aritzeko esperientzia dutenentzat, sortze laneko 50 orduko ikastaroa izanen da Alkeberean. Hain zuzen, euskal Mitologian oinarritutako clown ikuskizuna sortzeai izanen da ikastaroaren helburua.
Udazkenean Albaceten eta Intzan
Beratik Albaceteko Lezuza herriko La Fábrica de la luz landetxera joan beharko dute urriaren 9tik 12ra La Pícara Teatro taldeak antolatu duen “Clowna topatzea” ikastaroan parte hartu nahi dutenek. 27 orduko ikastaroa izanen da, denentzat irekia.
Urriaren 16, 17 eta 18an, Intzako Sorabile baserrian, Clownaren natura ikastaroa emanen da. 20 ordutan, T’ai chi ch’uan praktika, clown lana eta naturarekin harremana landuko dira.
Azkenik, abenduaren 18, 19 eta 20an, Clownaren dantza ikastaroa emanen da, oraindik erabaki gabeko lekan. 20 orduko ikastaro hau ere nahi duen guziarentzat irekia izanen da, eta clown pertsonaiarengan mugimendua nola sortzen den landuko da.