Lesakako San Fermin erretiratuen elkarteak Ama eta Amatxien Eguneko bazkaria antolatu du

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 15a

Maiatzaren 1ean, berriz, araututako ibilaldia eginen du

Lesakako San Fermin erretiratuen elkarteak Ama eta Amatxien Eguneko bazkaria antolatu du maiatzaren 3rako. Bazkaria arratsaldeko 14:00etan izanen da Erretiratuen egoitzan, honako menu honekin: kroketak, entsalada epela, bildotsa txilindron erara, eta izozkia txokolate beroarekin postrerako. Dena, ura, ardoa, kaba, kafea eta koparekin ongi hornitua. Txartelak Erretiratuen egoitzan salgai daude 20 euroren truke, apirilaren 26a bitarte. Bazkaria egin dadin, guttienez 12 bazkidek izena eman beharko dute.

Araututako ibilaldia

Ama eta Amatxien Eguna baino lehen, maiatzaren 1ean ohiko ibilaldi arautua antolatu du San Fermin erretiratu elkarteak. Goizeko 9:30ean irekiko da izen ematea eta 10:00etan abiatuko da lehenbiziko bikotea. Elkartearen egoitzatik abiatuta, Landazelaietatik saihesbidera atera eta Osasun Zentrora bueltatuko dira, parkea, Sumusa, Kastillobaita, Irubide, Martxanpaita, Txakain, Matxitenea, Lizardibaitako zubia, Eroski eta Plaza Zaharran barna, berriz ere erretiratuen egoitzara bueltatzeko. Segidan, hameketakoa izanen da parte hartzen duten bazkideendako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun