Sakabanaketaren aurkako martxa Beran eta Lesakan

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 14a

Sakabanaketaren aurkako martxa Beran eta Lesakan

Etxeraten ekimenez, astearteaz geroztik Euskal Herria zeharkatzen ari den sakabanaketaren aurkako martxa larunbatean, apirilak 18, ailegatuko da Bortzirietara. Etxeraten arabera, «egun hauetan PSOE eta PNVk martxan jarritako espetxe politikak 20 urte bete ditu».

Hainbat helbururekin jarri zuten espetxe politika hura abian:

«kolektiboa banatu eta zatitu, presoak pertsonalki txikitu eta presoaren ingurua zigortu...». Etxeraten hitzetan, «helburuak ez dituzte bete, baina ondorioak gogorrak izan dira: 21 preso hil dira, horien artean Kotto beratarra, 16 senide eta lagun hil dira errepideetan, dozenaka istripu, milioiko euroko gastua... Bortzirietan astero 40 minutuko bisita bat izateko 12.000 kilometro egin behar ditugu». Guztia salatzeko furgoneta bira abiatu zuen Etxeratek, eta igandean Durangora ailegatu baino lehen, larunbatean Lesakan eta Beran eginen du geldialdia. 17:00etan kontzentrazioa eginen da Lesakako plazan; 17:30ean martxa oinez Berara; 19:30ean kontzentrazioa Altzateko plazan eta 21.00etan afaria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun