Sanferminak iragartzeko kartel eta programaren portada lehiaketara lanak aurkezteko epea apirilaren 30eko 13:00ak arte ireki du Udalak, Lesakan jaio edo bertan bizi direnentzat.
Programaren azalek 25x20 zentimetro izanen dute osotara eta kartelek 50x40 zentimetro. Bietan, Lesaka. 2009ko Sanferminak agertu behar du. Kartel nahiz azal lehiaketako lehen saria 500 eurokoa da eta bi lanak argitaratuko dira. Bertze lanak ere, programan argitaratu ahal izanen dira.
Bertze aldetik, programaren gibeleko azala aukeratzeko ere lehiaketa izanen da herrian ikasten duten neska-mutikoentzako. Lehenbiziko saria, eskola materialean erabiltzeko 300 euroko erosketa-balea izanen da.
Betizuak peñak 25 urte
Sanferminetako kontuekin segituz, Betizuak peñak 25 urte bete dituela eta zenbait ekitaldi egiteko asmoa du. Hasteko, peñen egunean bazkari berezia eginen dute Xaturetxean eta izen ematea maiatzaren 3a baino lehen egin behar da Koxkilla, Haizegoa eta Atxaspi ostatuetan, 25 euro ordainduta. Ospakizunerako kamisetak ere egiteko asmoa dute.