Txoznekin zerikusia omen duen ikerketa batean inputatu gisa deklaratu dute bortz herritarrek

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 14a

Elkartasuna eta babesa adieraziz mozioa onartu du Udalak

Sanferminetako txoznekin zerikusia omen duen Audientzia Nazionaleko ikerketa batean, Guardia Zibilaren aginduz bi herritar deklaratzera deituak izan ziren lekuko gisara eta horietako batek, egun guttitara inputatu gisara ere deklaratu behar izan du. Gertaera hau salatzeko eta «bizi dugun salbuespen egoera» salatzeko, lesakar talde batek prentsaurrekoa eskaini zuen martxoaren 31n. «Herrian bizi dugun egoera larriak alarma guziak piztu» dituela aipatu zuten.

Azken urteetan, izan diren eskubide bortxaketak gogoratu zituzten: «7 herritar izan dira atxilotuak eta torturatuak, bertze bat erbesteratua, Arrano elkartea miatua eta sumario batean sartua, presentzia polizial itogarria bazter guzietan…». Azken urtean egoera hori larritu dela eta iazko atxiloketak eta espetxeratzeak, Sastrineko martxaren debekua eta bertze zenbait gogoratu zituzten.

Orain berriz ere Lesaka jo puntuan jarri dutela adierazi zuten eta gertaera honek elkarbizitza oztopatzen duela eta «lesakar aunitzen oraina eta etorkizuna erabat baldintzatzen» duela nabarmendu zuten. Geroztikan, bertze lau herritarrek ere deklaratu behar izan dute afera honen inguruan.

Mozioa

Martxoaren 27an Udalbatzak mozio baten bitatez konponbide baten beharra azpimarratu zuen eta «beraien eskubide sozial eta zibilak urratuak dituztenei» elkartasuna eta babesa adieraziz mozioa onartu zuten EAk eta Oninek. Inputazio honek «gure herrian dauden arazoen judilizazioa» bertzerik ez dakarrela eta arazo politikoa moldatzeko deus onik ez duela ekarriko aipatzen da mozioan. Antolatzen diren mobilizazioak errespetatuko dituela eta «baketsuak izan eta azarorik gabe egin daitezen» Udalak posible duen guzia eginen duela ageri da onartutako mozioan.

PNVko zinegotziak ez ziren ezohiko batzarrera azaldu, «identifikatu gabeko eta Herriko Etxean sarrerarik ez zuen agiri baten arabera konbokatua» izan zelakoan. Gainera, Juan Fermin Mitxelena zinegotziaren ustez, «txoznak antolatzen dituen taldeak urtetan ez du amorerik eman txoznen kokapenari dagokionez, ez du inolako negoziaziorik onartzen, eta Udalak izan ditzazkeen asmoak ez dituzte errespetatzen». Koldo Erkizia alkateak, aldiz, deialdia legeak agintzen duenaren arabera egin zela dio eta «seriotasuna» eskatu dio PNVri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun