«Biltzen ditugun argazkiak ez dira artistikoak, dokumentalak baizik»

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 14a

Berako baserri guzien argazkiak ere badituzue… TTIPI TTAPA

• Apirilaren 3tik 19ra Bera atzo erakusketa zabalik dago Berako Kultur Etxean, asteartetik igandera, 10:00etatik 14etara eta 16:00etatik 19:00etara.

• Totono anaiarekin batera bildutako bertze hainbat argazki, agiri eta prentsa-errekorte etxean gordetzen baditu ere, 88 argazki eta postal zintzilikatu ditu Rosa Mari Errandoneak.

• Bertze ehunka argazki eta agiri www.beragureherria.com Interneteko orrialdean kontsulta daitezke.

Zaila izan al da hainbertze argazkiren artean 88 aukeratzea?

Erakusketa Aste Santuan ere zabalik izan dela kontuan hartuz, Berako paisaiak aukeratu ditugu gehienbat, bisitariek ere gustura ikus ditzaten. Gehienak antikuarioei erositako postalak dira. 1900 urte inguruko bortz argazki ere badaude eta Berako jendeak utzitako argazkiak ere bai.

Noiztik biltzen dituzu honelako argazkiak eta agiriak?

Totono nere anaia 1977an hasi zen prentsan ageri zen informazioa biltzen. Baina gure aita zenak, Felix Errandoneak, bere ostatuan arbela izaten zuen eta herriko albisteak jartzen zituen: «El pediórico de la casa» deitzen zion. Hark ere futboleko eta txirrindularitzako argazkiak biltzen zituen eta gero Totonok sailkatu zituen.

Hori ere lan handia izanen da, ez? Ez da aski hainbertze argazki biltzea. Gero sailkatu egin behar dira...

Noski, dokumentazio guzia sailkatua daukagu. Nik Laminacionesen 42 urtez lan egin nuen, horietatik 36 Aholkularitza Juridikoan eta hor paperak hagitz ongi gorde behar ziren. Artxibo-sistema berdina ekarri nuen etxera: Informazio guzia auzo edo karriken arabera antolatua dago; horren barnean baserri edo etxeka eta horren barnean, etxe bakoitzean bizi izan zen jendeari buruzko informazioa: Erraza, ez?

Berako baserri guzien argazkiak ere badituzue…

Bai, lehenbiziko argazkia 1993an atera nion Artalurrari (Morkotzenborda). Orduan, beratar aunitzek bezala, ez nekien ezta baserriak zein auzotakoak ziren ere. Baina lan honi esker, baserriak ez ezagutzetik gehienetako sukalderaino sartzera pasatu nintzen eta lagun handiak ditut baserrietan. Lurraren Egunean jartzen den erakusketak arrakasta handia izaten du, jendeari hurbileko argazkiak gustatzen baitzaizkio. Gure argazkiak dokumentalak dira, ez artistikoak.

Orain, bilduta dituzuen argazkiak eta paperak Interneten ere kontsultatzen ahal dira… Zer erantzun izan du zuen web orriak?
Etxean dugun informazio guzia hedatzeko sortu zen beragureherria.com web orria. Libururen bat egitea pentsatua genuen, baina ez ginen ausartu. Guri teknologia berrien kontu honek heldu xamarrak harrapatu gaituenez, Mikel Zubietarekin harremanean jarri eta hark diseinatu zigun web orria. Erantzun ona izan du beratarren eta arbaso beratarrak dituzten emigranteen aldetik. Adibidez, berriki bere arbasoen bila zebilen argentinar batekin harremanetan izan gara. Informazio aunitz zuen eta Errandonea, Irazoki, Endara eta honelako abizenak… Aitatxi eta berraitatxi Bastida baserrikoak zirela ikasi genuen eta beraien argazkiak bidali. Guziz hunkiturik erantzun digu eta horrek web orriak izan dezaken interesaren gaineko zalantzak uxatzen ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun