Udaberriko promozio kanpaina apirilaren 13an abiatuko du Berako Larun Haitzpe Merkatarien Elkarteak

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 8a

Hiru hilabete iraunen du eta 50 euroko erosketa-bonoak banatuko dira

Berako Larun Haitzpe Merkatarien Elkarteak udaberriko promozio kanpaina abiatuko du apirilaren 13an, “Udaberrian Larun Haitzpek gonbidatzen zaitu” izenburupean. Kanpainak hiru hilabete iraunen du eta hilabete bakoitzean komertzioaren arlo berezi bat bultzatu nahi du, 50 euroko erosketa bonoekin. Honela, apirilean, irakurtzera gonbidatuko du Larun Haitzpek eta erosketa bonoak, liburudenda eta prentsa saltzen duten saltokietan aldatzeko modua izanen da. Maiatzean, barnetik zaintzera gonbidatuko du merkatarien elkarteak eta erosketa bonoak janaridenda, frutadenda eta bertzelako elikagai dendetan trukatuko dira. Ekainean, azkenik, zainduz gozatzeko gonbitea eginen du Larun Haitzpek eta ileapaindegi, lurrindegi, fisioterapeuta edo kirol dendetan erosketak egiteko modua izanen da, 50 euroko erosketa bono hauekin.

Urteko batzarra

Berriki urteko batzarra egin du Larun Haitzpe merkatarien elkarteak eta bertan, joan den urteko ekitaldien eta kontuen memoria eta balantzea egin ondotik, 2009 urterako planifikazioa egin zuten. Planifikazio horretan sartu ziren martxoan egin zen Stock Feria, baita udaberriko kanpaina hau ere. Horretaz gain, joan den urtean egin zen bezala, balkoi eta leiho apainduen lehiaketa antolatuko du aurten elkarteak, eta San Esteban bestetan eta Eguberrietan ere promozio kanpaina bereziak egin nahi ditu. Larun Haitzpe merkatarien elkarteko presidente Maria Jose Ara da; Eñaut Lazkano presidente orde; Mª Ascen Astondoa, Mertxe Artieda eta Marian Urra bokalak eta Adela Arlegi laguntzailea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun