Dispertsioa salatzeko Etxerat-en furgoneta Bortzirietara ailegatuko da apirilaren 18an

TTIPI TTAPA 2009ko api. 8a, 13:12

Zenbait ekitaldi eginen dira Lesakan eta Beran

Bortzirietako Etxerat erakundetik jakinarazi dutenez, dispertsioak 20 urte betetzen ditu egun hauetan. Etxerat-en arabera, “gaur ezagutzen dugun espetxe politika 1989an jarri baitzuten martxan PSOE eta PNVk helburu desberdinak bilatzen zituen; kolektiboa banatu eta zatitzea, presoak pertsonalki txikitzea eta presoaren ingurua zigortzea”. Hogei urte eta gero, Etxerat-en ustez “ez dituzte helburuak bete, kolektiboak elkarturik segitzen baitu eta astebururo bisitak dituzte presoek, bere inguruarekin komunikazioa mantentzen dute”.

Ondorio gogorrak

Halere, ondorioak gogorrak izan direla onartu du Bortzirietako Etxerat-ek, “21 preso hil dira dispertsioaren eraginez, horien artean Kotto beratarra, 16 senide eta lagun hil dira errepidetan, dozenaka istripu, miloika euroko gastua, milaka kilometro astero... Bortzirietan bakarrik astero 40 minutuko bisita bat izateko 12000 km egin behar ditugu gure lagun eta senideak bisitatzeko”.

Apirilaren 18an Bortzirietan

Apirilaren 14tik 19ra furgoneta bira bat antolatu du Etxeratek, Euskal Herri osoan lau zutaberekin eginen dena, herrialde bakoitzean bana. Sei egunez herri desberdinetatik pasako da, igandean Durangon ekitaldi nazional batekin bukatzeko. Bortzirietara larunbatean, apirilaren 18an iritsiko da, arratsaldez, eta ekimen desberdinak antolatu dira. Honela, arratsaldeko 17:00etan kontzentrazioa eginen da Lesakako Plazan, 17:30ean martxa oinez Lesakatik Berara, 19:30ean kontzentrazioa Altzateko plazan eta 21:00etan afaria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun