Lana gogotik egin behar izan du Itsaso Fagoaga lesakarrak Nafarroako Skeet Olinpiko txapelketa irabazteko. Eta arerio nagusia nor eta bere aita, Antonio Javier Fagoaga. Elizondon egin zen txapelketako lehenbiziko saioa eta bertan plater bateko abantaila atera zion Itsasok aitari. Alabak 50 plateretik 41 plater bota zituen eta aitak 40. Normalean baino plater guttiago lehertu zituzten, eguraldi kaxkarrak ere zerikusia izan baitzuen tiraldietan.
Valdorban plater bat gehiago aitak
Txapelketako bigarren saioa, azkeneko 50 platerak, Valdorban jokatu zuten apirilaren 5ean. Hemen finago ibili ziren tiralari guziak eta denen artean Antonio Javier Fagoaga nagusitu zen, 46 plater hautsita. Itsaso alaba ere ederki ibili zen eta bat guttiago hautsi zuen, 45. Beraz, aita-alabek berdindu egin zuten sailkapen orokorrean eta desenpatea behar izan zen txapelduna erabakitzeko.
Desenpatean alaba nagusi
Desenpatean, bi platerei tiro egin behar izaten dute tiralariek tiraldi bikoitzean eta lehenbiziko huts egiten duenak galtzen du desenpatea. Lehen saioan, bina platerak lehertu zituzten aita-alabek, baita bigarrengoan ere. Hirugarrenean, aldiz, bat hutsegin zuen Antonio Javierrek, baina Itsasok bere lana ongi bete eta bi platerak lehertu zituen. Beraz, Itsaso Fagoaga txapeldun eta Antonio Javier Fagoaga azpitxapeldun. Antonio Javierrek aipatu zigunez, azpitxapeldun izateak gusto gazi-gozoa utzi zion. “Alabak oraindik urte aunitz ditu txapeldun izateko” zioen. Halere, txapeldunaren entrenatzailea izateagatik ere saria lortu zuen aitak. Gaitzerdi.